Donostiako 85. Musika Hamabostaldiak geldialdia egingo du bihar iluntzean Azkoitian, Organo Zikloaren barruko emanaldiarekin. Hain justu, Miriam Cepeda organistak Aitor Biainek zuzendutako EHU abesbatzarekin eskainiko du kontzertua, eta beraiekin batera, Iñaki Maidaganek zuzendutako Iraurgi abesbatza ere arituko da. Maurice Duruflé konpositore eta organista frantziarraren obrak entzun ahal izango dira biharko kontzertuan, eta musika saioaz gozatzera joan nahi duten guztiek doakoa izango dute sarrera. Kontzertua 20:00etan hasiko da, Azkotiko parrokian.
Miriam Cepeda Bilboko Begoñako basilikako organista eta Santanderreko (Espainia) Jesus de Monasterio Kontserbatorioko organo irakaslea da. EHU abesbatza, berriz, 1977an sortu zen, eta urte hauetan lan handia egin du kultura zabaltzen. Abesbatzaren errepertorioan nagusi dira, besteak beste, kapela polifonia, euskal konpositoreen musika eta musikari garaikideen doinuak.