IV. Plazaz Plaza, Ados Pilotak udan aire zabaleko frontoietan jokatzen duen txapelketa, atzo hasi zen, eta Azkoitiko Goiko Losan jokatu zuten lehen jardunaldia.
Arrats beroan, baina itzalak pilotaleku osoa hartuta zuela, Ados Pilotaren jaialdietan ohikoa denez, pilotari gaztetxoak izan ziren lehendabizi kantxaratu zirenak, Azpeitikoak, Zestoakoak, Zumaiakoak eta Lazkaokoak; buruz buruko bi partida jokatu zituzten horiek.
Txapelketaren lehendabiziko partidan, berriz, etxeko pilotariak ezin izan zuen Plazaz Plazako aurtengo ibilbidea garaipenarekin urratu. Iturriaga eta Zabala nagusi izan ziren atzo Goiko Losan, eta 22-13 irabazi zieten Eneritz Arrieta azkoitiarrari eta Oihana Orbegozo azpeitiarrari.