Kulturarteko jaia ospatuko du Azkoitiak irailaren 29an, Donostiako Elizbarrutiko Pertsona Migratuen Pastoraltzak Azkoitiko Caritasekin, Parrokiarekin eta Udalarekin batera antolatzen duen Migratzaileen eta Errefuxiatuen Mundu Jardunaldiarekin bat eginez. "Herriko ekintzetan migratzaileen partaidetza sustatzea, eta haien bizipenei eta egoerei ikusgarritasuna ematea" dira, udalaren esanetan, egitasmoaren helburuak, "elkarren esperientziak partekatzeko, eta pertsonen arteko hurbilketa eta harremanak errazteko".
Irailaren 29ko ospakizunen egitarau zehatza ez dute eman, baina bai zertzelada batzuk. Eguneko jardueren artean, besteak beste, hainbat herrialdetako gastronomiaz gozatzeklo aukera izango da; Amerikako, Afrikako, Asiako eta Europako hainbat herritako jaki tradizionalak dastatzeko parada izango dute herritarrek. Horrekin lotuta, gainera, irailaren 23an, 24an, 25ean eta 26an, beste kultura batzuetan ohikoak diren errezetak ikasteko sukaldaritza saioak emango dituzte. Sukaldaritza saioetan zein kultur arteko jaian parte hartzeko izen ematea irailean irekiko dute.
Bestetan San Andres jaien bueltan egin izan duten Garapenean Bidelagun azoka ere izango da irailaren 29ko jaiaren osagaietako bat. Azkoitiko Udalak laguntzen dituen gobernuz kanpoko erakundeak biltzen ditu azoka horrek, eta aurtengoak kulturarteko jaiarekin bat egitea erabaki du udalak.