Eneritz Arrieta etxean ariko da etzi, Plazaz Plaza pilota txapelketaren lehen jardunaldian

Mailo Oiarzabal 2024ko abu. 8a, 17:16

Eneritz Arrieta pilota jotzen, Udara Caixabank torneoko partida batean. (Ados Pilota)

Azkoitiko aurrelaria Oihana Orbegozo azpeitiarrarekin bikotea osatuta lehiatuko da Ados Pilotaren txapelketaren laugarren edizioan. Zapatuan, 18:30ean, Goiko Losan jokatuko dute estreinako partida: Arrieta-Orbegozo, Iturriaga-Zabalaren kontra.

Iaz hirugarren edizioaren finala hartu zuen Goiko Losak, eta aurten laugarrenaren lehen jardunaldia jokatuko dute bertan. Izan ere, Azkoitian hasiko da Ados Pilotak antolatutako IV. Plazaz Plaza binakako txapelketa.

Etzi, zapatua, 18:30ean hasiko da jaialdia, txapelketako partida bakarrarekin, eta etxeko pilotariari bultzada emateko aukera izango dute Azkoitiko pilotazaleek. Eneritz Arrieta aurrelari azkoitiarrak Oihana Orbegozo atzelari azpeitiarrarekin osatuko du bikotea IV. Plazaz Plazan, eta txapelketaren lehen partida jokatuko dute Arrietak eta Orbegozok, Iturriagaren eta Zabalaren kontra.

Sei bikote lehiatuko dira IV. Plazaz Plaza txapelketan: Aranburu-Agirre, Barrokal-Oskoz, Ruiz de Infante-Ruiz de Larramendi Mujika, Aldaregia-Galeano, eta Azkoitian jokatuko duten biak. Zortzi jardunaldik osatuko dute Adosekoek aire zabaleko pilotalekuetan jokatzen duten txapelketa eta finala Donostiako Trinitate plazan izango da, irailaren 15ean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide