Abuztuan sartuta, datorren futbol denboraldia prestatzen hasiak dira Anaitasunaren talde nagusiak. Euskal Ligako taldeak joan den zapatuan egin zuen lehendabiziko lan saioa; eta atzo, Ohorezko Erregional Mailako taldeari egokitu zitzaion martxan jartzea. Aldi berean, batzuk zein besteak 2024-2025 denboraldirako taldeak osatzen ari dira, eta azken egunetan agur zein ongietorri berriak iragarri ditu klubak.
Euskal Ligan, Irati Azpiazuk eta Edurne Aldaiak Anaitasunan ez dutela jarraituko jakinarazi ondoren, bi fitxaketaren berri eman du klubak: batetik, Irati Olaizola, 21 urteko azkoitiarra, herriko taldera itzuliko da; bestetik, Intza Paredes atezain azpeitiarrak ere Azkoitian jokatuko du datorren denboraldian, Zestoa utzita. Ohorezko Erregional Mailako taldeari dagokionez, taldea utziko duten beste lau jokalariren izenak eman zituen atzo Anaitasunak: Julen Aramendi, Xabi Azkoitia, Lander Ortiz eta Haimar Marcos.
Jokalari berriei ongietorria egin die Anaitasunak sare sozialetan, eta kluba utzi dutenei esker ona adierazi die, "urte hauetan erakutsitako profesionaltasunagatik eta konpromisoagatik".