Azkoitia: jauregi eta dorretxeen hiribildua bisita gidatua egin dute gaur eguerdian herrian barrena, Urola Turismoak antolatuta. Dozenatik gora lagun elkartu dira parrokian hasi duten bisita gidatuan, eta herriko historiari lotutako hamaika azalpen eskaini dizkie Ander Ugartek herritarrei zein bisitariei. Azkoitiko hiribilduaren sorrera, haren etimologia eta hainbat pasarte esanguratsu kontatu ditu hark herriko ondare guneetan barrena.
Euskarazko bisita gidatua izan da gaurkoa, eta bihar bisita bera errepikatuko dute, baina gaztelaniaz. Bertan parte hartzeko aurrez izena ematea derrigorrezkoa da Whatsappez mezua 688 75 94 29 zenbakira bidalita, telefonoz 943-15 18 78 deituta edota posta elektronikoz i-loiola@urolaturismoa.eus helbidera idatzita. Bisita egiteko, gutxienez, lau pertsonako taldea osatu beharko da, beraz, premiazkoa da izena ematea.
Urola bailarako ondare historikoa eta natur ondarea uztartuz, Urola Turismoak Urola historia eta paisaia bazterrak izenburu hartuta prestatu dituen bisita gidatu sortaren barrukoa da Azkoitikoa.