TAO sistema ez da indarrean egongo abuztuan

Iraia Oteiza 2024ko abu. 2a, 10:15

Floreaga jauregiaren aurreko aparkalekuko TAOaren makina.

Abuztuan ibilgailuei ez zaie txartelik jarri beharko Plazaberrin edota Floreaga jauregiaren aurreko aparkalekuan, eta denbora mugarik gabe, doakoa izango da bi leku horietan ibilgailua aparkatzea.

Irailera bitartean TAO sistema indargabetu egin du Azkoitiko Udalak, eta hori horrela, Plazaberrin nahiz Floreaga jauregiaren aurreko aparkalekuan ibilgailuei ez zaie TAOaren txartelik jarri beharko. Abuztuaren 31ra arteko neurria da, beraz, irailaren 1etik aurrera berriz ere txartela jarri beharko zaie ibilgailu guztiei.

Urtean zehar TAO sistema indarrean egon ohi da bi leku horietan. Astelehenetik ostiralera bitartean, 09:00etatik 13:00etara zein 16:00etatik 20:00etara jarri behar izaten zaio TAOaren txartela ibilgailuari. Hala eta guztiz ere, ordu muga desberdinak daude ibilgailuak bi gune horietan aparkatzeko; izan ere, Plazaberrin ordu eta erdian eduki daitezke gehienez ibilgailuak TAOaren papera jarri eta doan aparkatuta, eta Floreaga jauregiaren aurreko aparkalekuan lau orduan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide