Manex Ansorregik 3x3 Nations League txapelketa irabazi du Espainiako 23 urtez azpiko selekzioarekin

Iraia Oteiza 2024ko abu. 1a, 10:44

Ansorregi, ezkerretik laugarrena, garaipena eskuratu ostean.

Voironen (Frantzia) jokatutako txapelketan, Frantziari 22-20 irabazita eta Grezia 21-13 mendean hartuta irabazi dute txapela Ansorregik eta taldekideek.

Manex Ansorregi saskibaloi jokalari azkoitiarrak 3x3 Nations League 2024 txapelketa irabazi du Espainiako 23 urtez azpiko selekzioarekin. Voironen (Frantzia) jokatu dute txapelketa, eta atzo jokatu zituzten bi partidek erabaki zuten lehia: Frantzia izan zuen aurrena aurkari Ansorregiren taldeak, eta 22-20 garaitu zuen hura; jarraian, Greziaren aurka neurtu zituen indarrak Espainiak, eta 21-13 irabazi zuen. Bi partida horiek irabazita, Espainiako 23 urtez azpiko selekzioa izan da 3x3 Nations League 2024 txapelketaren garailea.

3x3 Nations League txapelketaren Europako fasea da Ansorregik-eta irabazi dutena, eta garaipen horrekin, 3x3 Nations League Munduko Txapelketa jokatzeko txartela eskuratu dute. Irailaren 11tik 15era bitartean jokatuko dute txapelketa hori Mongoliako hiriburuan, Ulanbatorren.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide