Ostegunetik aurrera abuztuko ordutegiarekin eskainiko dute zerbitzua bailarako autobusek

Iraia Oteiza 2024ko uzt. 30a, 09:00

UK01, UK03, UK05 eta UK06 autobus zerbitzuetan izango du eragina abuztuko autobus ordutegiak, eta La Guipuzcoana enpresaren webgunean kontsulta daitezke aldaketa guztiak. Gaueko hainbat zerbitzu ere izango dira abuztuan zehar.

Abuztuan sartzearekin batera aldaketak egingo dituzte eskualdeko autobusen ordutegietan, eta hainbat zerbitzu kendu eta beste batzuk gehituko dituzte. La Guipuzcoana enpresak jakinarazi duenez, lau autobus zerbitzutan izango dira aldaketak: Azkoitia-Donostia (UK01), Azkoitia-Zarautz (UK03), Zestoa-Ermua (UK05) eta Zumaia-Zumarraga (UK06) zerbitzuetan, hain zuzen ere.

UK01 linean, esaterako, astean zehar goizeko lehen orduko, eguerdiko eta iluntzeko autobusak orduro aterako dira orduerdiro beharrean; goizeko eta arratsaldeko autobusak, aldiz, orduerdiro aterako dira, ohi moduan. Igandeetan, berriz, orduro ekainiko dute zerbitzua Donostiara doazen eta handik datozen autobusek. Era berean, gaueko zerbitzua martxan jarri dute (UK41G), eta Donostiatik itzultzeko egunero bi autobus izango dira, 23:05ean eta 00:05ean. Donostiara joateko ere autobus bat gehiago jarri dute iluntzean, Azkoititik 22:45ean aterako dena.

Bestalde, UK03 linean ere gaueko zerbitzua gehitu dute (UK43G). Hori dela eta, larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan iluntzeko autobusa egongo da Zarautzera joateko eta handik itzultzeko —joanekoa 22:05ean aterako da Azkoititik, eta itzulerakoa 23:05ean Zarauztik—.

UK05 linean, berriz, bi ordutik behin aterako dira autobusak Azpeititik Ermura (Bizkaia), astelehenetik igandera bitartean, eta eguneko lehen bi autobusak Zestoatik abiatuko dira (06:35ekoa eta 07:35ekoa). Ermutik itzultzeko ere bi ordutik behin izango dira autobusak, baina horiek ez dira Zestoara iritsiko, Azpeitiko Tren Museoaren pareko geltokian egingo dute azken geldialdia. 

Aldaketak izango dira, halaber, Zumaia eta Zumarraga arteko UK06 autobus zerbitzuan ere. Astelehenetik ostiralera orduro aterako dira autobusak Zumaiatik 06:45ean hasi eta 22:45era arte; horietako batzuk Zumarragako ospitaleraino iritsiko dira. Zumarragatik itzultzeko, berriz, ia orduro izango dira autobusak, eta Azkoititik Zumaiarako zerbitzua orduro izango da.

La Guipuzcoanaren webgunean kontsulta daitezke linea guztietako abuztuko ordutegiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide