Espainiako Saskibaloi Federazioak (FEB) txapelketa berria antolatu du 2024-2025 denboraldirako: Espainiako Kopa. Lehen, Bigarren eta Hirugarren FEB mailetako taldeak lehiatuko dira Printzesa Koparen lekua hartuko duen txapelketa horretan, ACBren azpitik dauden lehen hiru mailetakoak, alegia, eta Iraurgiren gizonen talde nagusia izango da lehiakideetako bat.
Aipatutako mailetan ari diren 40 talde lehiatuko dira Espainiako Kopan, bosna taldeko zortzi multzotan banatuta. Biele ISB B multzoan ariko da, Lehen FEB ligako Gipuzkoa Basketekin, Oviedorekin eta Cantabriarekin, eta Bigarren FEBen aurkari duen Zornotzarekin batera. Irailaren 6-8ko asteburuan hasiko da txapelketa, multzokako ligaxken lehen jardunaldiarekin. Iraurgikoek Donostian ekingo diote Espainiako Kopari, GBCren kantxan; eguna eta ordua ez dituzte zehaztu oraindik.
Hasierako ligaxkako bost neurketak jokatu ondoren, multzo guztietako sailkapen buruak final laurdenetarako sailkatuko dira; abenduaren 23an jokatuko dituzte final laurdenetako joaneko partidak, eta 2025eko urtarrilaren 7an itzulerakoak. Azkenik, datorren urteko urtarrilaren 24an eta 25ean jokatuko duten lauko finalean erabakiko da Espainiako Koparen lehen irabazlea.
Taldeak osatzen
Datorren denboraldiko egutegia itxura hartzen doan bitartean, Iraurgi Saskibaloia 2024-2025 denboraldi horretarako bere bi talde nagusiak osatzeko lanean jarraitzen du.
Agurrak, berritzeak eta fitxaketak tantaz tanta ari da iragartzen kluba. Azken mugimenduen artean nabarmentzekoak dira egin dituzten lehen bi fitxaketak, pibot bana. Imani Guy AEBetako jokalaria (1,93 metro) Australiatik bueltan iritsiko da Urola bailarara, Domusa Teknik ISBrekin jLF Challenge liga jokatzeko; Iñigo Royo gasteiztarra eta Iraurgiren jokalari ohia, berriz, taldera itzuliko da, Bigarren FEB ligara, Valladoliden (Espainia) jokatu ondoren.
Aldiz, Rasmus Blak hegaleko pibotak eta Gaizka Maiza joko antolatzaileak ez dute Biele ISBn jokatzen jarraituko. Iraurgikoen aurkari izango dira Bigarren FEBen, hain zuzen, biak ere: danimarkarra Ponferradan eta tolosarra Huelvan ariko dira sasoi berrian.
Luzeagoa da, momentuz, Iraurgirekin beste denboraldi baterako jarraitu duten jokalarien zerrenda. Juana Molina antolatzaile espainiarra izan da, momentuz, berritzen azkena; Jone Azkue hegaleko getxoztarrak eta Alazne Lizundia hegaleko azpeitiarrak ere Domusa Teknik ISBn jarraituko dute, eta Andoni Atxa hegaleko arrasatearrak gauza bera egingo du, baina Biele ISBn.