Ireki dute VI. Mangaixue mendi bizikleta martxan izena emateko epea. Aurten irailaren 14an izango da Anaitasuna mendi bazkunak antolatzen duen kirol ekitaldia. 15:15ean hasiko da proba, Plazaberrin. Bi ibilbide izango dituzte aukeran bizikletazaleek: luzea –33 kilometro eta 1.500 metroko desnibel positiboa– edo motza –25 kilometro eta 1.100 metroko desnible positiboa–.
Bi ibilbideetarako izen ematea egin daiteke atzotik irailaren 10era bitartean Interneten, Rock The Sport webgunean; eta irailaren 1etik 11ra, baita Uhaitz kafetegian ere. Izen ematea online egiten dutenek kamiseta eskatuta edo hura eskatu gabe egin dezakete. Kamisetarekin 40 euro oraindu behar dira, eta kamiseta gabe 20 euro. Abuztuaren 19ra arteko epea dago izen ematea kamiseta eskatuz egiteko; elastikoak oversize neurrikoak direla zehaztu dute antolatzaileek.
Izen ematearekin eta probarekin lotuta zehaztapen gehiago ere egin dituzte Anaitasunakoek: 18 urte beherakoek heldu baten baimena behar dute izena eman ahal izateko; bizikleta elektrikoekin ere parte hartu ahalko da Mangaixuen; zuhaitz mozketak tarteko ibilbidean azken orduko aldaketak izan daitezke; eta martxan parte hartzen dutenek dutxatzeko aukera eta bizikletak garbitzeko mangerak eskura izango dituzte. Era berean, anoa guneak jarriko dituzte ibilbideko hainbat tokitan, parte hartzaileek opariak jasoko dituzte, eta amaieran jateko zein edateko aukera ere izango dute mendi bizikleta martxan parte hartzen dutenek.
Arropak probatzeko aukera, etzi
Bestetik, Mangaixoko maillotak eta kuloteak probatu nahi dituztenentzat hitzordua egin du Anaitasuna mendi bazkunak etzi arratsalderako, Elkargunean.
Oteiza aretoan egongo dira mendi bizikleta martxaren antolatzaileak ostiralean, 17:30etik 20:00etara. Maillot motzak 51 euro balio du, kulot motzak 74 euro; maillot luzeak 72 euro, eta kulot luzeak 86 euro.