Larunbatean, uztailaren 20an, ospatuko dute III. Beltzen Eguna. Hitzordu berezia bilakatzen ari da hori azkoitiarren egutegietan; izan ere, egun horretan ospakizuna eta kirola uztartuz jai giroaz gozatzeko aukera izaten dute Ttakun areto futboleko taldearen zaleek.
Uztailaren 8an hasi zen III. Beltzen Txapelketa, eta bertan, 30 taldek jokatuko dute Beltzen Eguneko finalera iristeko lehia. Jende ugari bertaratu da Elkarguneko kantxara egunotan, partidez gozatzeko asmoz.
Zenbait berrikuntzarekin aurkeztu zuten aurtengo txapelketa. Aurreko bi edizioetan multzokako fase eran antolatu zuten, baina aurten kanporaketa erara ari dira jokatzen partidak: aurre-kanporaketarekin hasi, eta final-hamaseirenak, final-zortzirenak, final-laurdenak, finalerdiak eta finala jokatuko dituzte. Hain justu, larunbatean jokatuko dute finala, eta partida horrekin hasiko dituzte eguneko ospakizunak.
Aipatzekoa da, era berean, iaz Kings League futbol txapelketako arau eta jolas batzuk sartu zituztela lehian, baina aurten areto futboleko arau arruntekin ari direla jokatzen. Partidek hamar minutuko bi zati dituzte.
Txapeldunaren bila
Txapelketan parte hartzen ari diren taldeak, gehienez, zortzi lagunek eta entrenatzaile batek osatu dituzte, eta entrenatzaileek jokatzeko aukera dute taldeak haren beharra badu. Taldeetan, gutxienez, bi neskak eta bi mutilek eman behar izan dute izena.
Hasbulla Team taldeak irabazi du txapelketa bi urtez jarraian, eta aurten ez parte hartzea erabaki du. "Gure taldean lagunarteko gauza bat bezala ulertzen dugu txapelketa, eta taldekide batzuk futbolean jokatutakoak diren arren, laguntasunean oinarritzen da gure parte hartzea". Horregatik, beste taldeei «utzi diete» aurtengoan irabazteko aukera. Hala ere, taldekideak joan izan dira txapelketako beste partidak ikustera: "Herriari ukitu polita ematen dio txapelketak hilabete honetan; gustatzen zaigu sortzen den giroa".
Antolatzaileen lana ere azpimarratu dute txapeldun ohiek. "Antolatzaileek lan oso ona egin zuten aurreko urtean txapelketaren formatuari dagokionez. Kings League motako formatuak ukitu berezia ematen zion lehiaketari, eta asko disfrutatu genuen; saltsa ederra piztu zen". Aurtengoan areto futboleko arau arruntak izango ditu formatuak, baina, hala ere, antolakuntzakoen lan txukunari gorazarre egin diete taldekideek. "Pentsatzen dugu egongo dela talderen bat bi urtez irabazi ondoren gure aurka lehiatzeko gogoa edukiko lukeena, baina aurten beste batzuei utziko diegu gozatzen. Disfruta dezatela guk gozatu dugun adina, eta zorte on".
Hilaren 8tik ari dira lehiatzen txapelketan izena eman duten 30 taldeak. Egun horretan bertan jokatu zituzten aurreneko kanporaketak, eta, ondoren, sailkapen fasearekin hasi ziren. Uztailaren 9an, 10ean, 11n eta 15ean jokatu zituzten final-hamaseirenak. Atzo eta gaur, berriz final-zortzirenen txanda izango da –lau partida jokatuko dituzte egun bakoitzean–, eta bihar zein etzi, final-laurdenak zein finalerdiak jokatuko dituzte. Larunbateko finalarekin amaituko da lehia.
Hirugarrenez ospatuko dute Beltzen Eguna larunbatean Azkoitian, Tta-kun areto futbol taldeak antolatuta. Egun osoko egitaraua prestatu dute, goizetik hasi eta gau aldera arte uda giroaz gozatu ahal izateko asmoz. Larunbateko egitarauarekin borobilduko dute lau astez luzatu den futbol txapelketaren festa. Beltzen Eguna ospatzen hasteko, Beltzen Txapelketako finala jokatuko dute, Elkarguneko aretoan. Finala jokatutakoan, kalera emango dute jaia; izan ere, trikipoteoa egingo dute herriko kaleetan zehar. 14:30ean, bazkaria egingo dute txapelketan parte hartu duten taldeetako ordezkari guztiek, Berdura Plazan.
Bazkalostean, berriz, areto futboleko txapelketako sari banaketa egingo dute Plazaberrin, Tta-kun tabernaren parean, eta sariak banatu ondoren, musikak lagunduta igaroko dute arratsaldea, Kanpax DJak girotuko baitu gunea.
Arratsaldean berriro ere musika izango da protagonista; izan ere, 18:30ean hasi eta 21:30 ingurura arte, Sakatu elektrotxaranga ibiliko da herriko kaleetan barrena. Besteak beste, Asier Villalibre Athleticeko futbol jokalariak parte hartzen du elektrotxaranga horretan.
Egitaraua:
- Goizean, Beltzen Txapelketako finala, Elkarguneko kantxan.
- Ondoren, trikipoteoa, herriko kaleetan.
- 14:30ean. Bazkaria, Berdura Plazan. Bazkalostean, txapelketako sari banaketa Plazaberrin.
- Segidan, Kanpax DJak girotuko du gunea.
- 18:30etik 21:30 ingurura arte, Sakatu elektrotxaranga, herriko kaleetan.