Donostiako 72. Zinemaldian parte hartuko duten "ekoizpen espainiarreko" hamazazpi filmen izenak iragarri zituen atzo jaialdiak, Madrilen egindako agerraldian. Tartean, euskarazko bi film daude; horietako bat Izibene Oñederra azkoitiarraren lan bat da; hain zuzen ere, Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) film laburra Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatuko da.
Oñederrak ezagun du dagoeneko Zabaltegi-Tabakalera saila; Hotzanak (2013) eta Lursaguak (2019) lanak ere bertan erakutsi zituen, hainbat film kolektibotan parte hartzeaz gain. Etorriko da (Eta zure begiak izango ditu) animaziozko film laburrean komunitate batek ingurumen krisi baten ondorioz jasaten duen kolapsoa erretratatu du zuzendariak. Errealitate berri horretan, biztanle pribilegiatuek oraina gozatzean oinarritutako bizimodu hedonista izango dute, eta bizirik irautea izango dute helburu gainerakoek.
Hamabi film luze, film ertain bat, film labur bat eta hiru telesail dira jaialdiak Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademian eginiko agerraldian aurkeztutakoak. Sail Ofizialean eta Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera eta Belodromoa sailetan emango dituzte horiek, irailaren 20tik 28ra.