Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ekitaldia egin du gaur eguerdian Intsausti aretoan, eta Xabier Irujo (Caracas, Venezuela, 1967) Adiskide Numerario izendatu dute bertan.
Hain zuzen, elkarteko sarrera ikasgaia aurkeztu du hark gaurko ekitaldian, Zer da genozidioa? izenpean, eta historian zehar genozidioak izan duen esanahia izan du kontagai bere hitzartean. EAEko presidente Luis Elizegi eta elkarteko Adiskide Numerario Juan Jose Alvarez ondoan zituela jaso ditu Irujok domina eta diploma. Ekitaldiak iraun bitartean, piano eta txistu doinuek girotu dute aretoa. Han elkartu diren herritarren artean izan dira, besteak beste, Ana Azkoitia alkatea zein Juan Bautista Mendizabal Ondare zinegotzia eta elkarteko Adiskide Numerarioa.
Xabier Irujo Nevadako Unibertsitateak Renon (AEBak) duen Euskal Ikerguneko zuzendaria da, eta baita bertako genozidio ikasketetako katedratikoa ere. Filologian, Historian eta Filosofian lizentziatua, bi doktorego ditu historian eta filosofian. Halaber, hogei liburutik gora eta artikulu ugari idatzi ditu aldizkari espeializatuetarako, eta nazioarteko sari zein aintzatespenak jaso ditu. Azken hogei urteak Gernikako bonbardaketaren azterketari eskaini dizkio; ikerketa horien emaitza dira Gernikako bonbardaketari eta euskal erbeste politikoari buruzko bere bi trilogiak.