Azkoititik igaro da Ehunmilak mendi lasterketa

Ihintza Elustondo 2024ko uzt. 13a, 07:49

Gorlarik barrena sartu dira korrikalariak Azkoitiko lurretan, eta handik Madariagako bidea hartu dute. Hainbat azkoitiar ari dira parte hartzen 171 kilometroko proban. Fidel Fernandez kantabriarra eta Elena Calvello igaro dira aurrenak Gorlako eta Madariagako puntuetatik aurrenak. 

Azkoititik igaro zen atzo gauean Ehunmilak mendi lasterketa. Arratsaldean Beasaindik (Gipuzkoa) abiatu ostean, 21:20 aldera iritsi ziren korrikalariak Gorla gainera, eta handik Madariagako bidea hartu zuten; 22:45 aldera iritsi ziren aurreneko korrikalariak auzora. Handik Xoxotera joan ziren partaideak, eta gailurra igo eta jaitsi ostean, Azpeitiko Azoka Plazako anoa gunera iritsi ziren.

Gizonetan, Fidel Fernandez kantabriarra (Espainia) iritsi zen aurrena Gorlara 3.18.40 denborarekin, eta haren atzetik, 25 segundora sartu zen Igon Manzisidor Zumaiako bizilaguna; hirugarren, berriz, Mark Young ingelesa sartu zen, zehazki, 28 segundora. Madariagako anoa postura, berriz, 4.48.02 denbora eginda iritsi zen lehena Fernandez, Young izan zen bigarrena bost minutu eta 37 segundora, eta Manzisidor hirugarrena sei minutu eta 26 segundora. 

Emakumeetan, bestalde, Elena Calvillo beasaindarra iritsi zen lehen postuan Gorlara, 2.17.12 denborarekin, bigarren Chelo Velasco asturiarra (Espainia) bederatzi minutura, eta Ana Cristina Constantin madrildarra hirugarren, hamalau minutu eta 35 segundora. Madariagan ere berdin jarraitu zuten sailkapenean hirurek. Calvillo 6.23.05 denborarekin ailegatu zen auzo horretara, 59 segundora iritsi zen Velasco eta 24 minutu eta bederatzi segundora Constantin.

Atzo, ostirala, Beasaindik abiatu zen XIII. Ehunmilak mendi proba. 18:00etan abiatu ziren parte hartzaileak herri horretako plazatik, eta inguruko herriak eta mendiak zeharkatuz, 171 kilometro eta 10.500 metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek.

Hainbat azkoitiar

Hainbat azkoitiarrek eman dute izena Ehunmilak proban; besteak beste, Joseba Tobarrek, Unai Aramendik eta Ander Puertasek. Ixaka Oñederra ere izena emanda zegoen, baina lesio bat tarteko, azkenean ez du parte hartuko lasterketan. Tobar sailkapeneko aurreneko postuetan igaro zen bai Gorlatik bai Madariagatik. 22. postuan iritsi zen Gorlara, 3.49.24 denborarekin, eta hamalaugarren Madariagara 5.30.35 denborarekin. Aramendi 56. postuan sartu zen Gorlara 4.07.14 denbora eginda, eta 57. postuan Madariagara, 6.06.22 denborarekin. Aldiz, Puertasek 4.17.17 denbora ezarri zuen Gorlan, eta 6.22.39 Madariagan, bi puntu horietatik sailkapeneko 87. eta 89. postuetan igaroz. 

Asteburuan Goierri inguruan beste bi mendi lasterketa ere jokatuko dira. Goierriko Bi Haundiak (88 kilometro) proba atzo 23:00etan abiatu zen Beasaingo plazatik, eta Marimurumendi mendi maratoia (42 kilometro) bihar 08:00etan hasiko da.
 
Honako lotura honetan ikus daiteke pasoetako eta egungo sailkapena.
 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide