Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Adiskide Numerario izendatuko du Xabier Irujo (Caracas, Venezuela, 1967) larunbatean Azkoitian egingo duten ekitaldian. Ohi bezala, Intsausti jauregian izango da saioa, 12:00etan hasita, eta han izendatuko dute Adiskide Numerario Nevadako Unibertsitateak Renon duen Euskal Ikerguneko zuzendaria. Bertan, genozidioko ikasketetako irakasle ere bada Irujo.
Hiru zati izango ditu izendapen ekitaldiak: aurrena, Luis Elizegi Mendizabal Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako presidenteak ekitaldiari hasiera emango dio; bigarren zatian, Irujok Zer da genozidioa? ikasgaia aurkeztuko du; eta azkenik, Juan Jose Alvarez elkarteko Adiskide Numerarioak harrera hitzak eskainiko dizkio Adiskide Numerario berriari. Horien ostean, elkartearen eskutik domina eta diploma jasoko ditu Irujok.
Ekitaldiak iraun bitartean, musika emanaldiak eskainiko dituzte aretoan.