Suediako Modig enpresak Ibarmiaren zati bat erosita, bi enpresak elkarlanean ariko dira aurrerantzean

Mailo Oiarzabal 2024ko uzt. 11a, 11:26

Koldo Arandia eta David Modig elkarri eskua emanda, Ibarmia-Modig elkarlana irudikatuz. (Ibarmia)

"Merkatuari eta berrikuntzei elkarrekin aurre egiteko" batu dituzte indarrak makina erremintan ari diren bi enpresek, eta aurrerantzean elkarrekin diseinatu, garatu eta fabrikatuko dituzte makina berriak, Azkoitian.

Azkoitiko Ibarmiak Suediako Modig-ekin indarrak batu ditu. Azkoitiko enpresak ohar bidez jakinarazi duenez, Ibarmiaren kapitalaren "zati txiki esanguratsua" bereganatu du Modigek. "Aliantza estrategikoa" sinatuta, bi enpresak elkarlanean ariko dira aurrerantzean.

Makina erremintaren sektorean ari dira bi enpresak, eta "merkatuari eta berrikuntzei elkarrekin aurre egiteko" batu dituzte indarrak. Ibarmiak azaldu duenez, "mekanizazio soluzio aurreratuetan aditua" da Modig, batez ere aeronautikaren eta ibilgailu elektrikoen sektorean, eta "Ipar Amerikako merkatuan presentzia komertzial handia" du. Ibarmiak, bere aldetik, doitasun goreneko mekanizatu zentroak ekoizten ditu, baita mundu osoan saldu ere, baina bereziki Europan eta Asian.

Elkarlan akordio berriarekin, Azkoitiko eta Suediako enpresek aurrerantzean elkarrekin diseinatu, garatu eta fabrikatuko dituzte makina berriak, Azkoitian. Era berean, merkatu berrietako ateak irekiko zaizkie bi enpresei. Akordioa lortzeko hartu-emanetan izan duten "erabateko sintonia" eta negoziaketen "bizkortasuna" nabarmendu dituzte Koldo Arandiak eta David Modigek, hurrenez hurren Ibarmiako eta Modigeko presidente eta zuzendari nagusi direnek. Bi konpainien artean ia 150 urteko ibilbidea dutela nabarmendu dute, eta martxan jarri duten elkarlana ibilbide hori sendotzeko "aukera izugarria" dela diote bi enpresetako arduradunek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide