Urrategiko Andre Mariaren baseliza 1617an eraiki zen. Harrezkero, Azkoitiko herrian izan diren fededunek begirune, zaletasun eta debozio handia izan diote Urrategin aurkitzen den Andre Mariari.
Hurrengo igandean ospatzen dugu, hain zuzen ere, Urrategiko Amaren eguna. Ospakizunaren meza nagusia 11:00etan izango da. Esker oneko eukaristia izango da igandekoa: gure herriko historiari begiratuz —aurten 700 urte— eskerrak eman ditzakegu Azkoitian izan diren eta oraindik ere badiren kristau tradizioengatik eta sustraiengatik. Bestalde, herriko elkarbizitza baketsu baten alde eta herriko kristau familietako fedearen alde otoitz egingo dugu.
Dei berezia luzatzen dizuet, bada, herriko kristauei, eta, batez ere, herriko familia kristau gazteei: ez dezagula alboratu, kristau elkarte bezala, gure fedean sendotzeko dugun aukera hau. Azkoitiko herrian Jesusen oroimenak eta bere Ebanjelioan dugun fedeak izango duten etorkizunari itxaropentsu begiratu nahi badiogu, oinarri sendoak jartzen saiatu behar gara.