Mugikortasun jasangarriko soluzio berriak garatu asmoz, Bike Talent lehiaketa sortu zuen iaz AIC Bizkaiko automozio enpresak. Parte hartzaileek erabilera anitzeko bizikleta elektrikoaren proiektu bat diseinatu behar izan dute 2023-2024 ikasturtean, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zenbait Lanbide Heziketak aurkeztu dituzte euren lanak, tartean, Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketak. Hain zuzen, ikastetxe horrek irabazi du lehiaketa, hango ikasleek ikasturtean zehar diseinatu duten bizikleta inklusiboarekin.
"Sidekar moduko bat diseinatu dugu, baina bizikletan, side bike bat izango litzatekeena. Motordun bizikleta arrunt bat bezalakoa da, baina aldamenean beste bizikleta bat du, erabiltzaile inklusiboak erabili ahal izateko", azaldu du Nerea Etxeberria Izarraitz Lanbide Heziketako Berrikuntza arduradunak.
Etxeberriak adierazi duenez, AIC automozio enpresa jarri zen harremanetan hainbat Lanbide Heziketa zentrorekin, horietako ikasleen "gaitasun sortzailea eta berritzailea" sustatzeko helburuarekin. Pedalei eragiteko laguntza duen erabilera askotako ibilgailu bat diseinatu behar zutela adierazi zieten enpresatik, hiri desplazamenduetarako ere balio zuena. Osagai sozialen ekarpena ere baloratu egin dute proiektuaren antolatzaileek, hala nola mugikortasun murriztuko pertsonei zuzendutako laguntzak, sektore zaurgarrien integrazioa edota ingurumen gaiak.
Orotara, zazpi proiektu aurkeztu dituzte lehiaketara, eta hobekien baloratutakoa izan da Izarraitz Lanbide Heziketak egindakoa.
"Proiektua abiatu eta berehala, Marea Urdina elkartearekin jarri ginen harremanetan, bizikleta inklusibo bat egin nahi genuenez, jada sortuta zer dagoen eta zer gehiago beharko litzatekeen jakin nahi genuelako. Marea Urdinakoek erabili ohi dituzten bizikletak ekarri zizkiguten, horiek probatzeko eta ideiak hartzeko. Berrikuntzari lotuta, inklusioaren aldeko proiektu bat diseinatu nahi izan dugu hasieratik", dio Etxeberriak. Hortik aurrera, irakasleek zenbait ideia izan zituzten, eta ziklo ezberdinetako ikasleekin ere lanketa egin zuten, beraien ideiak ere jasotzeko. Behin ideiak jasota, berrikuntza taldeko hainbat irakasleren artean prototipo bat atera zuten, eta irakasleetako batek osatu zuen diseinua, planoen bitartez. Arotzeria zikloko ikasleek, berriz, egurrezko maketa txiki bat egin zuten, eta diseinuarekin batera aurkeztu zuten maketa ere lehiaketara.
Lehiaketako irabazleak izanda, pasa den asteburuan Frankfurteko (Alemania) Euro Bike bizikleta azokara joateko aukera izan zuten ikastetxeko zenbait irakaslek. "Urtero han elkartzen dira bizikleta hornitzaile garrantzitsuenak eta, bizikleta ezberdinak ikusteaz gainera, ideia berriak hartzeko ere baliagarria izan da bidaia", adierazi du Etxeberriak.
Diseinutik fabrikaziora
Bizikleta inklusiboaren diseinua eta egurrezko maketa aurkeztu zituzten Izarraitz Lanbide Heziketakoek Bike Talent lehiaketara, baina haratago joan nahi dute 2024-2025 ikasturtean: "Gure bizikleta inklusiboaren diseinua errealitate bilakatu nahi dugu, eta fabrikatu egingo dugu datorren ikasturtean", jakinarazi du Etxeberriak. Adierazi duenez, Informatikako zikloa daukate Izarraitz Lanbide Heziketan motorraren digitalizazioan laguntzeko; bizikletaren motorizazioan laguntzeko, berriz, Mekatronika Industrialeko zikloa daukate; Arotzeria eta Altzarigintza zikloa ere badute eraikitze prozesuan laguntzeko; eta inklusioaren gaia lantzeko, aldiz, Gizarteratze zikloa ere aurki daiteke ikastetxean.
"Zortez, landu nahi ditugun arlo horiek guztiak lantzeko aukera daukagu ikastetxean bertan, eta datorren ikasturtera begira diseinu hori egiaz fabrikatzea da gure asmoa".