Ehunmilak probako parte hartzaileak Gorlatik eta Madariagatik igaroko dira ostiraletik larunbatera artean

Nerea Uranga 2024ko uzt. 9a, 15:00

Ehunmilak Azkoitiko lurretan. (Anaitasuna MB)

21:00etarako espero dira korrikalari azkarrenak Gorlako gainean, eta 22:30 inguruan Madariaga auzoan. Ohi bezala, hainbat azkoitiarrek parte hartuko dute 171 kilometroko proban.

Ostiralean Beasaindik (Gipuzkoa) abiatuko da XIII. Ehunmilak mendi proba. 18:00etan irtengo dute parte hartzaileek herri horretako plazatik, eta segidan, inguruko herrietatik eta mendietatik igaroko dira lasterkariak. 171 kilometroko ibilbidea eta 10.500 metroko desnibel positiboa izango dituzte egiteko probako parte hartzaileek.

Urtero bezala, aurten ere Azkoitiko lurretatik igaroko da Ehunmilak lasterketa. Gorla gainetik Madariaga auzora joango dira korrikalariak eta handik Xoxotera igo beharko dute eta handik Azpeitiko plazara jaitsiko dira. Ostiralean 21:00 aldera espero dituzte korrikalaririk azkarrenak Gorlan, eta 22:30 aldera izango dira aurrenekoak Madariagan.

Hainbat azkoitiarrek eman dute izena Ehunmilak proban; tartean, Ander Puertasek. Ixaka Oñederra ere izena emanda zegoen, baina lesio bat tarteko, azkenean ez du parte hartuko lasterketan.

Asteburuan Goierri inguruan beste bi mendi lasterketa ere jokatuko dira. Goierriko Bi Haundiak (88 kilometro) proba ostiraleko 23:00etan abiatuko da Beasaingo plazatik, eta Marimurumendi mendi maratoia (42 kilometro) igandeko 08:00etan.

  • Gorlako gaina (Bergara-Azkoitia). 30. kilometroa. Igarotze kontrola. Ostiralean, 21:00 aldera iritsiko dira korrikalari azkarrenak.
  • Madariaga (Azkoitia). 44,5 kilometroa. Igarotze kontrola. Ostiralean, 22:30 aldera izango dira Madariagan probako aurreneko lasterkariak.
  • Azpeitia. Xoxoteko aterpetxetik barrena jaitsiko dira korrikalariak Azpeitiko Azoka Plazara. 53. kilometroa.
  • Zelatun (Errezil). 66. kilometroa. Igarotze kontrola.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide