Azpeitiko taldeak irabazi du Azkoitiko XII. Kriket Txapelketa

Iraia Oteiza 2024ko uzt. 8a, 15:19

Hamasei talde lehiatu ziren atzo, goizetik gauera arte jokatu zuten txapelketan. Azpeitiko kriket taldea gailendu zen, finalean Logroñoko (Espainia) taldeari irabazita.

Azkoitiko XII. Kriket Txapelketa jokatu zuten atzo, igandea, goizetik gauera. Azpeitiko kriket taldeak irabazi zuen lehia, finalean Logroñoko taldeari irabazita, eta harentzat izan zen txapelketaren garaikur nagusia.

Guztira hamasei talde lehiatu dira aurtengo txapelketan, lau multzotan banatuta. Besteak beste, Azkoitiko, Azpeitiko, Zumarragako (Gipuzkoa), Eibarko (Gipuzkoa), Donostiako eta Gasteizko taldeak elkartu dira txapelketaren bueltan. Partida gehienak Azkoitiko Oteiza pilotalekuetako frontoi luzean jokatu zituzten, baina atzo goizeko norgehiagoka batzuk Azpeitiko Goenako zelaian jokatzea erabaki zuten, txapelketa gehiegi ez luzatzeko. Hori bai, finalaurrekoak eta finala Azkoitian jokatu zituzten, eta sari banaketa ere Oteiza pilotalekuetan egin zuten, Igor Isuskiza kirol zinegotzia bertan zela.

Antolatzaileak "oso pozik" daude atzoko egunak emandakoarekin, eta oro har, txapelketa "oso ona" izan dela adierazi dute. 

(Argazkiak: Azkoitiko Udala)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide