Auzoko jaiak ospatuko dituzte asteburuan Urrategin

Iraia Oteiza 2024ko uzt. 8a, 12:15

Urrategiko iazko jaietako meza nagusiaren irudia. (Andoni Elduaien)

Ohi bezala, uztaileko bigarren asteburuan ospatuko dituzte jaiak Urrategi auzoan. Ostiralean, hilak 12, hasiko dira jaiak mus txapelketarekin. Larunbatean bazkaria egingo dute auzotarrek, eta igandean, askotariko ekitaldiak egingo dituzte.

Uztaileko bigarren asteburuarekin batera, aurten ere jaietan murgilduko dira Urrategi auzoan. Ostiralean hasiko da festa han, egun horretan 22:00etan jokatuko duten mus txapelketa azkarrarekin. Lau sari egongo dira jokoan: lehen sailkatuek txapelak eta 350 euro eramango dituzte; bigarren sailkatuek, 150 euro; hirugarrenak, Isidro erretegian bi lagunentzako afaria, eta laugarrenak, bi oilasko.

Txapelketarako izen-ematea egunean bertan izango da, Urrategiko elkartean. Bikoteko hogei euro ordaindu beharko da inskripzioa, eta joko legea ere zehaztu dute antolatzaileek: lau erregetara, lau usteletara eta lau hamarrekotara izango da lehia.

Larunbatean, berriz, auzo bazkaria egingo dute Urrategiko auzotarrek, eta igandean izango dira festetako ekitaldi nagusiak. 09:00etan eta 11:00etan meza bana egingo dituzte han; bigarrena izango da eguneko elizkizun nagusia. Horren ostean, 12:30 aldean, Joanes eta Xabat Illarregi anai bertsolarien saioa eta Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilarien erromeria izango dira.

Arratsaldean jarraituko du festak Urrategin. 16:00etan, haurrentzako jolasak izango dira, eta 17:00etan, Iago magoaren ikuskizuna. 18:00etan, berriz, herri kirol proba konbinatua jokatuko dute Jon Unanue Goenatxo III.ak zein Mikel Larrañagak eta Olaia Esnaolak eta Julen Alberdi Txikia IV.ak. Herri kirolen ondoren eta jaiak amaitzeko, Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilarien erromeria izango da.

Hona hemen Urrategiko jaien egitaraua, osorik:

  • Uztailak 12, ostirala:
    • 22:00etan, mus txapelketa azkarra.
      • Sariak:
        • 1. Txapelak eta 350 euro
        • 2. 150 euro.
        • 3. Isidro erretegian bi lagunentzako afaria.
        • 4. Bi oilasko.
  • Uztailak 13, larunbata:
    • Auzo bazkaria egingo dute elkartean.
  • Uztailak 14, igandea:
    • 09:00etan, meza.
    • 11:00etan, meza nagusia.
    • 12:30ean, Joanes eta Xabat Illarregi bertsolariak.
    • Ondoren, Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilariak.
    • 16:00etan, ume jolasak.
    • 17:00etan, Iago magoaren ikuskizuna.
    • 18:00etan, herri kirolak. Goenatxo III.ak eta Mikel Larrañagak, Olaia Esnaolaren eta Julen Alberdi Txikia IV.aren aurkako proba konbinatua jokatuko dute.
    • Ondoren, Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilarien erromeria.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide