Joan den ekainaren 7an, ostiralean, bilera irekia egin zen. Mezu honen helburua joaterik izan ez zutenei informazioa helaraztea da modu laburrago batean:
1. Alkatearekin eta udaleko gainontzeko alderdi politikoekin hainbat bilera egin dira arazoaren berri emateko eta irtenbide posibleak aztertzeko.
2. Komisioak beti Izar Jai urbanizazioko bigarren sotoaren aukeraren alde egin izan du, baina alkateak lehen momentutik aukera hori baztertu du hainbat arrazoi aipatuz:
2.1 Promotoreak hiru aldiz buzoietan iragarkiak sartu zituela eta oso jende gutxik eman zuela izena.
2.2 Alkateak ez zuen bideragarria ikusten aparkaleku publiko bat eraikitzea, ez bailitzateke herritar guztien onurako izango, soilik San Martingoentzat, eta hori ez zuen bidezkoa ikusten. Ez hori bakarrik, horrek suposatzen duen kostua udala ez zegoen prest bere gain hartzeko.
2.3 Lizentzia jada emanda zegoela eta ez zegoela ezer egiterik.
2.4 Urbanizaziokoak ez direnentzat sarrera independentea edukitzea behartzen duen dekretua aipatuz.
3. Komisioak Kurutzia baserria zegoeneko zulo horretan bigarren solairu bat ateratzea eskatu dio alkateari. Gainera, komisioak eskatu dio ea posible al den etxebizitzak egiten hasi aurretik hor aparkalekuak egitea eta erantzuna ezezkoa izan da, zeren urbanizazio lanak etxebizitzak egin ostean egiten dira.
Esan beharra dago udalak aukera hori kontutan izango duela, eta bigarren solairua egitearen aurrekontua eskatuko duela. Udala dirutza horri aurre egiteko gai bada, aipatutako solairua egin ahal izango da (gogoratu etxebizitzak egin eta gero izango litzatekeela). Bestela, itxaron egin beharko da.
Berriro ere ezer ziurrik ez.
4. Komisioak baita ere proposatu dio Ertzaintzaren basearen alboko belardi horretan aparkalekuak egitea. Aukera hori ere kontutan hartuko duela esan du, baina antza jabe bat baino gehiagorena da, eta prozesua luzea izan daiteke ezertara iritsi gabe. Gainera, oraindik jabeekin ez du hitz egin.
Berriro ere ezer ziurrik ez.
5. Alkateak komisioari aipatu dio agian udal baratzeak dauden tokian aparkalekuak egin ahal izango direla, baldin eta baratzeentzat beste lekuren bat aurkitzen bada. Dena den, behin behineko zerbait izango litzateke hori, zeren denborarekin hor ere etxebizitzak doaz eta horrek berekin bertako urbanizazioa dakar.
Berriro ere ezer ziurrik ez.
6. Alkateak komisioari azaldu dio mugikortasun ikerketa bat egin behar dutela, eta beharbada San Martinen ibilgailuentzat norabide bakarra jarrita aparkaleku gutxi batzuk ateratzea edukiko dutela.
7. Komisioak eskatu dio autokarabanentzat leku bat egokitzea eta bertara mugatzea haien aparkalekua. Horrela, San Martinen eta Altamiran hainbat leku libratuko lirateke autoentzat. Alkateak dio haiek ere zergak ordaintzen dituztela eta eskubidea dutela aparkatzeko.
Komisioak horien aparkalekua erregulatzeko neurriak har ditzan eskatu dio Donostian egin duten bezala, baina jasotako erantzuna ezezkoa izan da, ezin dela.
Hori guztia bilerara etorri zirenei azaldu ostean, bertaratu zirenen hainbat proposamen jaso genituen eta aztertzekotan geratu ginen. Jasotako proposamenak honako hauek izan dira:
1. Autokarabanentzat errotazio bidezko aparkaleku sistema bat ezartzea.
2. Kontzentrazioak egitea.
3. Plenoetara azaldu presioa egitera.
Amaitzeko, esan alkatearen jarrera azaldu dugula, baina esan beharra dago udaletxean dauden beste alderdien partetik ez dugula irtenbiderik jaso, ez behintzat auzotarrek bere gain hartu dezaketenik. Ulertzen dute arazo bat daukagula, baina ez dute aukerarik ikusten.
Horrek guztiak irabaziak sortuko dizkio bai etxeak egin behar dituenari, bai udalari, baina galera sortzen dio inguruko auzokideari.
Hori gutxi ez balitz, gero eta etxe gehiago dago, baina berdegune eta aparkaleku gutxiago. Plangintzak egingo ditu udalak baina San Martingo herritarrentzat berandu izango da.
Orain da momentua arazoak konpontzeko!