Hemeretzigarren indusketa aldia hasiko dute Munoaundin hilaren 15ean

Nerea Uranga 2024ko uzt. 3a, 09:28

Munoaundi aztarnategia.

Aranzadi zientzia elkarteko Historiaurreko Arkeologia sailekoek zuzenduta, uztailaren 15etik abuztuaren 3ra bitartean ariko dira aztarnategian lanean. Bisita gidatua, berriz, uztailaren 27an egingo dute.

Azkoitia eta Azpeitia arteko Munoaundi Burdin Aroko herri harresituaren aztarnategian hemeretzigarren indusketa aldia egingo dute aurten, uztailaren 15etik eta abuztuaren 3ra. Aranzadi zientzia elkartearen Historiaurreko Arkeologia saileko Antxoka Martinez arkeologoa ariko da indusketen zuzendari, eta Izaro Quevedo arkeologoa izango du lagun. Hogei lagun inguruko lantaldeak jardungo du indusketan; gehienak Arkeologia graduko ikasleak, baina baita graduko ikasketak bukatuta dituzten batzuk ere. "Normalean, behin ikasketak bukatuta dituzten arkeologoak ikerketako teknika desberdinak ezagutzera etortzen dira Munoaundira", azaldu du Martinezek.

Munoaundiko aztarnategiaren indusketa proiektua "ibilbide luzekoa" dela adierazi du indusketen zuzendariak, "hemeretzigarren indusketa aldia dugu, eta datorren urterako ere programatuta daukagu beste aldi bat". Aurtengoa egitasmoaren barruan aurreikusitako lau urteko zikloaren barruko hirugarren urtea izango da. Azkoitia eta Azpeitia arteko aztarnategiaren hirugarren eremuan, muinoaren gailur aldean eta sarbidearen inguruan ariko dira ikerketa lanean. Iaz hasi ziren muinoaren goialdean katak egiten.

Hilerria da oraindik aurkitu ez dutena Munoaundiko aztarnategian. "Nire urteroko matraka da hori", dio erdi txantxetan Martinezek. "Hainbat kata egin ditugu, baina ez dugu asmatu oraindik. Bisita gidatuetan-eta askotan egiten diguten galdera da hori. Izan ere, hilerriak bestelako informazio bat lortzeko aukera emango liguke sinesmenei eta erritoei buruz". Munoaundi herri harresituaren garaiko beste toki batzuetan aurkitu izan dituzte nekropoliak, baina Gipuzkoan ez.

Indusketa aldi guztietan egiten dituzte bisita gidatu irekiak Munoaundin, eta aurtengoan uztailaren 27an egitea aurreikusita dute. "Indusketa aldiaren bigarren astearen bukaera izango da, eta lanen berri emateko aukera gehiago dugu orduan. Gainera, abuztuaren 3an bukatuko dugunez, azken egunak aztarnategia ixteko lanak egiteko hartuko ditugu", aurreratu du Martinezek.

Bisita Gordailura

Azkoitia 700 egitarauaren barruan, Munoaundi herri harresituko arkeologia ondarea ezagutzeko, ostiralerako bisita gidatua antolatu dut Azkoitiko Udalak Irunen dagoen Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentrora, Gordailura. Aztarnategiko indusketetan jardundako Sonia San Jose historialariak gidatuko du bisita; gaztelaniaz 17:00etan izango da eta 18:15ean euskaraz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide