Datorren astelehenean, uztailaren 8an, hasiko da Tta-kun areto futbol taldeak antolatutako III. Beltzen Torneoa, zenbait berrikuntzarekin. Aurreko bi edizioetan multzokako fase eran antolatu zuten txapelketa, baina aurten kanporaketa erara jokatuko dituzte partidak: aurre-kanporaketa batekin hasi, eta final hamaseirenak, final zortzirenak, final laurdenak, finalerdiak eta finala jokatuko dituzte. Hain justu, III. Beltzen Egunean jokatuko dute finala, uztailaren 20an, eta partida horrekin hasiko dituzte eguneko ospakizunak.
Era berean, iaz Kings League futbol txapelketako arau eta jolas batzuk sartu zituzten, baina aurten areto futboleko arau arruntekin jokatuko dute txapelketa. Partidek hamar minutuko bi zati izango dituzte.
30 taldek eman dute izena txapelketan. Horiek, gehienez, zortzi lagunek eta entrenatzaile batek osatu dituzte, eta entrenatzaileak jokatzeko aukera izango du hala nahi izanez gero edota taldeak haren beharra badu. Taldeetan, gutxienez, bi neskak eta bi mutilek eman behar izan dute izena.
Hona hemen partiden egutegia:
- Uztailak 8: aurreneko kanporaketak.
- Uztailak 9, 10, 11 eta 15: final hamaseirenak.
- Uztailak 16 eta 17: final zortzirenak (lau partida egun bakoitzean).
- Uztailak 18: final laurdenak (lau partida).
- Uztailak 19: finalerdiak.
- Uztailak 20, Beltzen Eguna: finala.
Partidak 18:00etan, 18:40ean, 19:20ean eta 20:00etan jokatuko dituzte Elkargunean.
III. Beltzen Eguneko egitaraua
Uztailaren 20an, larunbatez, ospatuko dute hirugarrenez Beltzen Eguna Azkoitian. Goizean Beltzen Torneoko finala jokatu eta gero, trikipoteoa eta bazkaria egingo dituzte Berdura Plazan. Bazkarian parte hartuko dute areto futbol txapelketan parte hartu dutenek ere. Bazkalostean, berriz, torneoko sari banaketa egingo dute Plazaberrin, Tta-kun tabernaren parean, eta sariak banatu ondoren Kanpax DJak girotuko du gunea.
Arratsaldean, 18:30ean hasi eta 21:30 ingurura arte, Sakatu elektrotxaranga ibiliko da herriko kaleetan barrena. Besteak beste, Asier Villalibre Athleticeko futbol jokalariak parte hartzen du elektrotxaranga horretan.