Koldo Campos idazlea eta Maxixatzeneko kolaboratzailea hil da

Nerea Uranga 2024ko uzt. 1a, 10:58

Koldo Campos.

Campos idazlea, aktibista eta Maxixatzeneko kolaboratzailea izan da. Azken bi hamarkadetan bizi izan da Azkoitian, eta herriko hainbat eragiletan eta mugimendu sozialetan parte hartu du.

70 urterekin hil da Koldo Campos idazlea, aktibista eta Maxixatzeneko kolaboratzailea. Iruñean jaio zen,  nazionalitate dominikarra zuen eta azken bi hamarkadetan Azkoitian bizi izan da. San Jose egoitzan bizi izan da azken urteetan, eta egoitzaren kudeaketa eta egoiliarren egoera behin baino gehiagotan salatu izan ditu. Azkena, iazko abenduan kaleratu zuen Bizitza soziala izenburuko gutuna.

Camposek Maxixatzeneko komunitatean Amamaren kutxa kontua izan du, eta han idatzi izan ditu bere iritzi artikuluak Aitor Arrutirekin batera.

Iazko maiatzean Casa de las Americas Cubako kultur erakundeak 2023ko literatura sarietan Testigantza Literatura sailean aipamen berezia egin zion Camposi. Hain zuzen honako lanagatik jaso zuen aipamena: Peripecias procelosas y variopintas de un corrector y columnista vasco en la prensa dominicana. (Dominikar Errepublikako prentsako zuzentzaile eta zutabegile euskaldun baten peripezia zurrunbilotsuak eta askotarikoak). Campos Dominikar Errepublikako El Nacional egunkarian aritu zen lanean hamazazpi urtez, eta zutabegilea izan da Gara egunkarian. Bi hedabideetan izandako bizipenak bildu zituen idazleak 178 orritan.

Antzerkia, poesia eta haur literaturako hainbat lan idatzi ditu. Horrez gainera, Azkoitiko Andremarietako Film Laburren Lehiaketan parte hartu izan du. Azkena iaz parte hartu zuen Koldarrak taldearekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide