Rüdiger eta Letagin taldeek kontzertu bana eskainiko dute bihar, larunbata, Matadeixen. 22:30etik aurrera, talde baten folk zein pop doinuek eta bestearen hard rock eta stoner doinuek hartuko dute Matadeiko aretoa. Sarrerak leihatilan salduko dituzte, zazpi eurotan.
Beste dozenaka egitasmo bezala, Rüdiger pandemia garaian sortu zen, eta Before It’s Vanished izenburupean kaleratu zuen bere aurreneko diskoa. Musikalki, folk eta pop giroak izan ziren nagusi debuteko lanean. Estudioko bigarren emaitzak, berriz, The Dancing King izena darama, eta 2023ko urte amaieran ikusi zuen argia. Kantuen zirriborroak Felixek idatzi baditu ere, abestiak banda formatuan landu dituzte, eta estudioko lanetan garrantzi handia izan dute banda osatzen duten musikariek. Izan ere, egun banda formatuan taularatzen ari da Rüdiger, eta azken hilabete hauetan guztietan makina bat emanaldi eskaini ditu Euskal Herrian zehar.
Aldiz, Hard rock eta stoner erritmo gogor eta azkarrekin zuzeneko indartsuak ematea da Letagin laukote oñatiarraren funtsa. 2020. urtean lehen diskoa kaleratu ostean, dozenaka kontzertu eman dituzte Euskal Herriko gaztetxe, areto, jaialdi, eta herrietako jaietan barrena. Abenduaren 2an, sei kantuz osaturiko Zurrunbiloan albuma kaleratu zuten, eta disko berriaren aurkezpen biran murgilduta daude orain.