60 lagunek Musika Jaialdia eskainiko dute larunbat gauean, Baldan

Ane Olaizola 2024ko eka. 26a, 09:05

Musika Jaialdiaren antolatzaileak. (Azkoitiko Udala)

Azkoitiko Musika Bandak, Iraurgi abesbatzak, Juan Andres Unanue gitarristak Itsaso Alberdi abeslari eta pianistak eta Jone Larrañaga, Amaia Matxinea, Andrea Pozo eta Julen Etxaniz abeslariek parte hartuko dute emanaldian. Euria egiten badu, Baztartxora lekualdatuko dute kontzertua.

Musika Jaialdiak hartuko du datorren larunbat gauean Balda plaza, udalak, musika bandak, Iraurgi abesbatzak eta Bigoterik Gabea taldeak Azkoitia 700 egitarauaren barruan antolatutako kontzertuarekin. 22:00etan hasiko da emanaldia, eta guztira, 60 lagun inguru igoko da hango oholtzara, "denetariko abestiak" taularatuko baitituzte. Euria egiten badu, ordea, Baztartxora lekualdatuko dute saioa, eta antolatzaileek ostiral goizean erabakiko dute behin betiko kokapena, eguraldiaren iragarpena kontuan hartuta.

Antolatzaileek azpimarratu dute "oso itxura polita" duela egitasmoak. Izan ere, Azkoitiko Musika Bandak, Iraurgi abesbatzak eta herriko honako bost abeslari hauek parte hartuko dute kontzertuan: Itsaso Alberdi, Jone Larrañaga, Amaia Matxinea, Andrea Pozo eta Julen Etxaniz. Era berean, Alberdik pianoa ere joko du, eta Juan Andres Unanuek, gitarra.

Errepertorioa, berriz, "abesti sorta zabalarekin" prestatu dute antolatzaileek, eta haiek jakinarazi dute zenbait kantu moldatzeko Jose Aparicio musikariaren laguntza izan dutela. Besteak beste, Mikel Laboa, Zea Mays, Zetak, Süne, La Polla Records, Barricada, Etzakit, Pink Floyd, Tina Turner zein Itoizen kantu ezagunak joko dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide