Bideak du garrantzia

Juan Luis Romatet 2024ko eka. 25a, 12:00

Jonathan Escapa bere obretako baten aurrean, Oxford aretoan. (Juan Luis Romatet)

Jonathan Escapa artista azkoitiarraren lanak daude ikusgai egunotan Zumaiako Oxford aretoan. Teknika eta estilo desberdinetako lanek osatzen dute uztailaren 7ra arte zabalik izango den erakusketa.

Emaitzari berari baino, Jonathan Escapa artistak (Azkoitia, 1981) lan horretara eraman duen bideari ematen dio garrantzia. Birritan adierazi zuen ideia hori pasa den ostiralean, Zumaiako Oxford aretoan zabaldu duen erakusketaren aurkezpenean. Oihalek, zeramikazko ontziek, olerkiek nahiz pentsamenduek edota elementu horien guztien konbinazioak osatzen dute uztailaren 7ra arte ikusgai izango den bilduma.

Lanak sortzen ideia zehatzik eduki gabe hasten dela azaldu zuen azkoitiarrak. "Interes batzuk baditut, eta lanak sortzeko aitzakia bezala erabil ditzaket. Materialekin jolasten hasten naiz, gauzak egiten edo topatzen; normalean inguruan izaten ditut, eta haiekin jolas egiten dut. Hala joaten dira gauzak sortzen. Egia esan, prozesua da niri gehien interesatzen zaidana".

Artistak Azpeitiko Udalak emandako sorkuntza beka jaso zuen 2022an, eta urtebete geroago, 2023an, egonaldia egin zuen herri bereko Dinamoa sormen gunean. Zumaiako erakusketako elementu garrantzitsuak diren oihalekin garai horretan bertan hasi zela esperimentatzen gogoratu zuen Escapak. "Gauza asko egin ditut, zeramika ere landu dut, masterra ere egin nuen horri lotuta, baina azken bizpahiru urteetan oihalekin nabil gehienbat lanean; beka jaso nuenetik, gutxi gorabehera". 

Helburu artistikoa

Denbora honetan, jantzigintza ikasi du irakasle batekin, baina betiere helburu artistikoarekin. "Jantzigintza, kakorratz-lanak... teknika horiek ikasi ditut, eta gustuko dut horiek esploratzea gero nire helburuetan ahalik eta gehien erabiltzeko. Baina unean bertan inguruan ditudan elementuekin edo atentzioa ematen didaten teknikekin egiten dut lan. Posible da hemendik urte batzuetara beste zerbaitekin lanean aritzea".

Erakusketa aretoko hormetan testu labur batzuk ere irakur daitezke. Artistaren olerkiak edo pentsamenduak dira horiek, gazteleraz idatziak. "Betidanik erdaraz irakurri dut, euskaraz irakurtzeko ohitura handirik ez dut. Erdaraz erosoago sentitzen naiz", esan zuen. Idazten dituen testuetan erabiltzen dituen hitzei beraiei garrantzi berezia ematen die Escapak. "Hitz bat erabili nahi badut, hitz horrek izan behar du, eta ez beste batek; oso zehatza izatea gustatzen zait". Idatzi horiekin duela gutxi hasi zen: "Testuekin lanean edo nire sormen lanetan integratzen hasi nintzen, baina nire ahalegina bada idatziak ere nire lanaren parte izatea".

Erakusketa uztailaren 7ra arte bisitatu ahal izango da Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan, egunero, 18:30etik 20:30era. Asteburu eta jaiegunetan eguerdietan ere zabalduko ditu ateak aretoak, 12:30etik 14:00etara.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide