Euria dela eta, bertan behera utzi dute arratsaldeko 'Doniene' dantza saioa

Andoni Elduaien 2024ko eka. 23a, 19:06

Iazko 'Doniene' saioko irudi bat. (Julene Frantzesena)

Euriak ez du atsedenik emateko asmorik gaur, San Joan bezpera, eta udalak jakinarazi berri du arratsaldeko Doniene dantza saioa bertan behera utzi dutela. Ikusteko dago gauean San Joan suaren bueltan antolatutako egitaraua egingo duten edo ez; gauean megafoniatik emango dute erabakiaren berri.

Euriak apenas eman du etenik gaurko egunean, eta ordu laurden barru Balda plazan eskaintzekoa ziren Doniene dantza saioa bertan behera gelditu dela jakinarazi berri du Azkoitiko Udalak. Eguraldiak bustitik jarraitzen duelako eta iragarpenak antzekoak direlako hartu dute neurria antolatzaileek.

Azken urteetan San Joan bezperako festa Bizkargi musika eta dantza eskolako dantzarien zein Txalkor taldeko txistularien dantza saioarekin hasi ohi da Azkoitian, baina euria dela eta aurten ez egitea erabaki dute.

Sua, erabakitzeko

22:00etan hasiko da San Joan suaren bueltako festa, baina ikusteko dago zer erabaki hartuko duten. Udalak jakinarazi du megafoniatik jakinaraziko dutela aurrez San Joan bezpera nola ospatuko den Azkoitian. Aurten, Anaitasuna mendi bazkunak eta ISBko kideek jasoko dute omenaldia, eta haiek izango dute Balda plazako sua pizteko ardura. Miguel Mari Azpiazuren eta Anastasio Albisuren Azkoitia obraren doinuek girotuta piztuko dute bi kirol taldeetako ordezkariek aurtengo San Joan bezperako sua. Azkoitiko Udal Musika Bandak, Parrokiko Abesbatzak eta Iraurgi abesbatzak parte hartuko dute ekitaldian, baita Bizkargi musika eta dantza eskolako zein Txalkor txistulari taldeko kideek ere.

Sua piztu ostean, berriro aterako dira plazara Sahatsako dantzariak, eta urtero bezala lau dantza eskainiko dituzte: San Joan Zortzikoa, Agurra, Makil dantza eta Uztai txiki dantza, hain zuzen. Ondoren, herritarrek plaza dantzak egiteko aukera izango dute Aitor Sorazuk gidatuta.

Aurrez, 21:25ean, dantzariak Kale Nagusitik abiatuko dira, eta handik plazara joango dira. Behin plazara iritsita, Ana Azkoitia alkateak Azkoitiko bandera emango dio dantzarien buruzagiari. Ondoren, taldeak dantzatuz egingo du Plazaberritik Balda plazara arteko bidea. Dantzariek, segizioarekin, Gipuzkoako Ezpata Dantza eta Bandera Dantza egingo dituzte, besteak beste. Bizkargi musika eta dantza eskolak eta Txalkor txistulari taldeak osatuko dute segizioa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide