Uda Euskal Herrian igaroko duten Saharako haurrentzako arropa bildu dute

Ihintza Elustondo 2024ko eka. 22a, 14:53

Bi herritar arropa bilketa egiten, goizean, Kontzejupean. (Ihintza Elustondo)

Darahli elkarteak antolatuta, 8-9 urteko umeentzako arropa eta oinetako bilketa egin dute goizean Kontzejupean. 10:30etik 13:00etara bitartean izan dute postua jarrita, eta han zirenek nabarmendu dutenez, "pixkanaka-pixkanaka jendea animatu da arropa ekartzera".

Oporrak Bakean programaren barruan uda Euskal Herrian igaroko duten haur errefuxiatu sahararrentzako arropa eta oinetako bilketa egin dute goizean Kontzejupean, Darahli elkarteak antolatuta. 10:30etik 13:00etara bitartean izan dute postua jarrita, eta han zirenek nabarmendu dutenez, "pixkanaka-pixkanaka jendea animatu da arropa ekartzera".

Hain zuzen ere, elkarteak berak kudeatzen dituen Larrabetzuko (Bizkaia) Bakeleku udalekuetara joango diren haurrentzat behar duten materiala eskuratzeko antolatu du bilketa Darahlik. Haurrak etxean hartzeko prest dauden harrera familiak lortzea "urtez urte zailagoa" dela nabarmendu du elkarteak, baina "ahalik eta haur gehienek oporrak bakean igaro ditzaten", udalekuak antolatzen dituzte, Larrabetzuko Udalarekin elkarlanean. "Udalekuetan, boluntarioei esker, haur errefuxiatuek mediku azterketak egiteko, elikadura osasuntsu bat izateko, kultura eta hizkuntza berri bat ezagutzeko zein basamortuko tenperatura jasangaitzetatik aldentzeko aukera izaten dute", azaldu du elkarteak.

Gaurko bilketari dagokionez, 8-9 urteko umeentzat aproposak izan daitezkeen hainbat jantzi bildu du Darahlik: jertse polarrak, kirol jertseak (sudaderak), galtza motzak eta kirol oinetakoak. Dena den, gaur goizean Kontzejupera joaterik izan ez duten baina arropa eman nahi dutenek edota edozein zalantza duten herritarrek 638 57 91 61 telefono zenbakira deitu edo idatz dezakete.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide