Azkoitia zeharkatu du haurren gaixotasunen aldeko erronka solidarioak

Ihintza Elustondo 2024ko eka. 22a, 14:17

Helmugak Erronkak egitasmoarekin bat egin duten txirrindulariek Azkoitia zeharkatu dute goizean. Guztira, 610 kilometro inguru egingo dituzte bizikletaz Euskal Herriko hainbat txokotan barrena, eta tartean, geldialdia egin dute herrian. Haurren gaixotasunen aldeko erronka solidarioa da Helmugak Erronkak.

Helmugak Erronkak egitasmoak Azkoitia zeharkatu du gaur goizean. 11:00 aldera iritsiko zirela aurreikusten zen, baina lehenago, 10:40 aldera, iritsi dira txirrindulariak liburutegiaren aurrera, eta trikiti eta bertso doinu artean egin diete ongietorria hainbat azkoitiarrek. Mokadua egin ostean, beren bidearekin jarraitu dute erronkan parte hartzen ari diren hainbat txirrindularik.

Helmugak Erronkak 2015en sortu zen Berriatuan (Bizkaia), haurren gaixotasunen aldeko erronka solidario moduan. Euskara, kirola, natura eta pertsonen balioak uztartu eta abenturak biziz, ekintza solidarioak gauzatu eta euren aldarria mundu osora zabaltzea ditu helburu. Ander Txakartegi berriatuarrak sortu zuen proiektua, eta Aspanovas, Aspanogi, Bihotzez eta Arnasa elkarteei laguntzea izan du hark hasieratik xede.

Oraingo honetan, erronkaren barruan, 610 kilometro inguru egingo dituzte bizikletaz Euskal Herriko hainbat txokotan barrena. Ostiralean abiatu ziren, eta igandera bitartean egingo dute erronka; Berriatuan hasi eta amaituko da. Bizipoza elkarteak egoitzak dituen herrietatik igarotzen ari dira, eta gaur, Azkoitian egin dute geldialdia. Ormaiztegitik (Gipuzkoa) etorri dira bizikletan, eta Azkoitian hogei bat minutuko geldialdia egin ostean, Itziarrerako (Gipuzkoa) bidea hartu dute.

Dagoeneko ia 2.400 euro bildu dituzte crowfounding bidez, eta 8.000 euro biltzea ezarri dute helburu moduan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide