Sidenorreko langileen egoera salatzeko, protesta egin dute plazan

Ihintza Elustondo 2024ko eka. 22a, 08:00

Hainbat lagun elkartu ziren atzo plazan egindako elkarretaratzean. (ELA)

Sidenorreko ELA eta LAB sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute beharginei babesa adierazteko zein enpresaren jarrera salatzeko. Dozenaka lagun elkartu dira, Sidenorren ERTErik ez, lan baldintza duinak orain zioen pankartaren atzean. 

Sidenorreko ELA eta LAB sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo, ostiralez, Azkoitiko plazan, lantegi horretako beharginei babesa adierazteko zein enpresaren jarrera salatzeko. Dozenaka lagun elkartu ziren Sidenorren ERTErik ez, lan baldintza duinak orain zioen pankartaren atzean.

Izan ere, apirilaren hasieran jakinarazi zuten Sidenorrek Azkoitian duen lantegian aldi baterako lan erregulazio espedientea ezartzeko akordioa itxi zutela enpresako zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek —ELAk eta LABek ez zuten sinatu—. Azken bi sindikatu horien arabera, ezarri zuten %29ko espedienteak Azkoitiko lantegiko 312 langileri eragiten die, eta salatu dute "ELAk eta LABek Azkoitian osatzen duten gehiengo sindikala boikotatu" dutela akordioarekin.

Halaber, bi sindikatuek ohar bidez jakinarazi dutenez, "espedientea soilik Azkoitiko lantegian ezarri dute, baina ez Reinosakoan (Kantabria), hasieran hitzartu bezala". Salatu dutenez, "enpresa eta UGT, CCOO eta USO sindikatuak Reinosako lantegian duten gehiengoaz aprobetxatzen ari dira".

Horrez gain, "lan hitzarmen berri baten beharra" aldarrikatu dute, azken hamar urtean lan baldintzek "nabarmen egin dutelako okerrera".

Arrazoi horiengatik egin zuten atzoko elkarretaratzea, "Azkoitiko herriak Sidenorreko langileen egoeraren berri izan dezan".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide