Bihar egitekoa diren antzinako artisau azokak zenbait aldaketa eta zalantza eragin ditu bai herritarren artean bai larunbateko azokaren bueltan. Udalak jakinarazi duenez, bihar egingo duten garai bateko azokak ez du eragingo baserritarrek zapatuetan Berdura Plazan egin ohi duten azokan. Herriko baserrietako nekazariek bihar, hilak 22, egingo dute azoka, asteroko martxan, eta Azoka Plazak zapatuetako itxura bera izango du.
Egun berean, zapatuetan, bildu ohi dira bestelako saltzaileak ere eliz atarian eta Plazaberrin. Saltzaile horiengan bai, izango du eragina bihar egingo duten antzinako artisau azokak. Udalak azaldu duenez, saltzaile horiei guztiei gaur, ostirala, azoka egiteko aukera eskaini zieten, baina ez da saltzailerik etorri herrira, eta beraz, ez dute posturik jarri, beste zenbait herritan ere izaten baitira azokak gaurko egunez.