Helmugak Erronka 2015en sortu zen Berriatuan (Bizkaia), haurren gaixotasun desberdinen aldeko erronka solidario moduan. Euskara, kirola, natura eta pertsonen balioak uztartu eta abenturak biziz, ekintza solidarioak burutu eta euren aldarria mundu osora zabaltzea du helburu. Ander Txakartegi berriatuarrak sortu zuen proiektua, eta Aspanovas, Aspanogi, Bihotzez eta Arnasa elkarteei laguntzea izan du hasieratik xede.
Oraingo honetan, erronkaren barruan, 610 kilometro inguru egingo dituzte bizikletaz Euskal Herriko txoko desberdinetan barrena. Ostiraletik igandera bitartean egingo dute erronka, eta Berriatuan hasi eta amaituko da. Bizipoza elkarteak egoitzak dituen herrietatik igaroko dira, eta larunbatean, Azkoitian geldialdia egingo dute, 11:00etan, liburutegi parean. Ormaiztegitik (Gipuzkoa) etorriko dira bizikletan, eta Azkoitian hogei bat minutuko geldialdia egin ostean, Itziarrerako (Gipuzkoa) bidea hartuko dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, “edonork izango du ekintza solidarioarekin bat egin eta ibilbide zati bat beraiekin batera egiteko aukera”.
Dagoeneko ia 2.400 euro bildu dituzte crowfounding bidez, eta 8.000 euro biltzea ezarri dute helburu moduan.