Iturgindegi berria da Kelen. Berria izanagatik, ordea, 20 urteko esperientzia dute Kelen enpresako arduradunek eta langileek. Bide horretan, badute ezagutza. Izan ere, azken urteetan zehar, bezeroen beharrak eta gustuak ezagutzen dituzte, eta lana behar eta gustu horietara bideratzen dute: “Gertuko harremana izatea gustatzen zaigu, bezeroa entzuten dugu, bere beharrak aztertu, eta aholku garbiak eta zuzenak emanez, behar horiek betetzen saiatzen gara, hori baita emaitza on bat izateko oinarria”, azaldu dute.
Aro baten hasiera da, beraz, Kelen.Iturgintza lanetan, galdara aldaketetan eta mantenuan, berokuntzan eta gas instalazioetan, aerotermian eta klimatizazioan oinarrituko dira, batik bat. Hala ere, bainugeletako berrikuntzak eta dutxaontzien aldaketak ere egiten dituzte. “Egin beharrekoa egiteaz gain, gremioen koordinazioa eraman dezakegu bainugelen berriztapenetan, eta irisgarritasuna hobetzeko egokitzapenak egiterakoan, adibidez, bainuontziak kendu eta dutxaontziak jartzeko. Gainera, instalakuntza guztien ziurtagiriak ditugu. Eta, noski, denda berrian bainugelarako produktu aukera anitza dugu”, gaineratu dute.
Hala, herritarrak denda berrira gerturatzeko deia luzatu dute: “Dudarik gabe etor daitezela, dituzten galderak erantzuten saiatuko gara, inongo konpromisorik gabe”. Denda berria, Azpeitiko Arana kalean dago kokatuta, 5 zenbakian.