Uda Euskal Herrian igaroko duten Saharako haurrentzako arropa bilduko dute zapatuan Kontzejupean

Mailo Oiarzabal 2024ko eka. 18a, 10:21

Oporrak Bakean programarekin Euskal Herrira etorritako hainbat haur. (Darahli)

8-9 urteko umeentzat aproposak izan daitezkeen hainbat jantzi eramateko deialdia egin du Darahli elkarteak; 10:30etik 13:00etara egongo dira arropa jasotzen. Larrabetzuko Bakeleku udalekuetara joango diren haurrentzat behar dute materiala.

Oporrak Bakean programaren barruan uda Euskal Herrian igaroko duten haur errefuxiatu sahararrentzako arropa eta oinetako bilketa antolatu du Darahli elkarteak, eta Azkoitian ere egin dute arropa jasotzeko hitzordua. Zapatuan, hilaren 22an, Kontzejupean egongo dira Darahlikoak 10:30etik 13:00etara, herritarrek eramaten dituzten jantziak jasotzeko.

Hain zuzen ere, elkarteak berak kudeatzen dituen Larrabetzuko (Bizkaia) Bakeleku udalekuetara joango diren haurrentzat behar duten materiala eskuratzeko antolatu du bilketa Darahlik. Haurrak etxean hartzeko prest dauden harrera familiak lortzea "urtez urte zailagoa" dela nabarmendu du elkarteak, baina "ahalik eta haur gehienek oporrak bakean igaro ditzaten", udalekuak antolatzen dituzte, Larrabetzuko Udalarekin elkarlanean. Udalekuetan, azaldu du Darahlik, "boluntarioei esker, haur errefuxiatuek mediku azterketak egiteko, elikadura osasuntsu bat izateko, kultura eta hizkuntza berri bat ezagutzeko zein basamortuko tenperatura jasangaitzetatik aldentzeko aukera izaten dute".

Zapatuko bilketari dagokionez, 8-9 urteko umeentzat aproposak izan daitezkeen hainbat jantzi eramateko eskatu du Darahlik: jertse polarrak, kirol jertseak (sudaderak), galtza motzak eta kirol oinetakoak. Zapatu goizean Kontzejupera joaterik ez duten baina arropa eman nahi dutenek, edota edozein zalantza duten herritarrek, 638 57 91 61 telefono zenbakira deitu edo idatz dezakete.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide