Larunbatean, hilaren 22an, Antzinako artisau azoka egingo dute Azkoitiko kaleetan barrena, herritarrak iraganera jauzi egitera gonbidatuz. Bertaratzen direnek antzinan nola bizi ziren irudikatzeko aukera izango dute. Napar Bideak elkarteak antolatu du azoka, Azkoitia 700 egitasmoaren barruan.
Azoka eliz ataritik hasi eta Balda plazara bitartean kokatuko da, eta artisautza zein gastronomia uztartuko dituzten 40 postutik gora jarriko dituzte bertan. Besteak beste, honako produktuak erosteko aukera izango da: zeramikazko eta zilarrezko piezak, kremak eta ukenduak, hareazko koadroak, larruzko produktuak, eguzkiloreak, loreak, belar eta infusioak, xaboiak, ehunezko osagarriak, edota burukoak zein turbanteak. Elikagaiei lotuta ere izango da aukera, gozokiak, gaztak, hesteak edota marmeladak eskainiko baitituzte bertan.
10:00etatik 15:00etara, eta 17:00etatik 21:00etara egongo da azokara bertaratzeko aukera.
"Gure Hiri Gutunaren 700. urteurrenaren programazioan Antzinako artisau azoka egitea ideia ona iruditu zaigu, gure aurretik ere bizimodua bazela oroitzeko. Beste era bateko sistema ekonomikoak, politikoak eta sozialak zituzten garai hartan, eta azokak ondasunen salmentarako espazio naturalak eta entretenimendurako guneak izaten ziren orduan. Azkoitiko azoka ere ordukoaren tankerakoa izatea nahi dugu", adierazi du Sonia Vazquez udaleko Kultura zinegotziak.
Kale animazioa
Azokaz gain, bestelako jarduerak ere izango dira larunbatean. Ipuin kontalaria ibiliko da kalez kale, baina musika animazioa edota artisauen tailerrak ere izango dira, besteak beste, egur, zeramika, forja edota jolas tradizionalen lantegiak. Teatrakalacalle taldeak hainbat kale ikuskizun eskainiko ditu egunean zehar, eta haurrei zuzendutako gunea Balda plazan jarriko dute. Gauean, berriz, 21:00etan, su ikuskizun batek itxiko du azoka.
Asteazkenetik aurrera, Azkoitiko Alde Zaharrak ezohiko itxura hartuko du, egun horretan hasiko baitira kaleak apaintzen, herritarrak antzinako bizimoduan murgildu ahal izateko.