Euskal Herriko xake jokalari gazteek hitzordu garrantzitsua izan dute gaur Azkoitiko Elkargunean, bertan jokatu baitute Azkoitia GXF-Sustapena txapelketa, Gipuzkoako Xake Federazioaren gidaritzapean eta Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatuta.
120 jokalari inguruk parte hartu dute txapelketan, hiru kategoriatan banatuta: 20 urtez azpikoak, 14 urtez azpikoak eta 12 urtez azpikoak. 20 urtez azpikoetan lehia oso estua izan bada ere, azkenean Markel Vesga izan da irabazlea. Haren atzetik, Alex Odriozolak bigarren postua eskuratu du, eta Manex Reguillagak hirugarrena. Anaitasuna Kakuteko jokalarien artean hamazazpigarren postua eskuratu du Lucia Valorrek; hogeigarrena Denis Valorrek, 24. postua Jakes del Riok, 29.a Xuban Garatek ,eta 31.a Izaro Arriolak.
14 urtez azpikoetan, berriz, Aitor Bravok irabazi du lehia, bigarren postua Ametz de la Cruzek eskuratu du, eta hirugarren sailkatua Jon Diaz izan da. Azkoitiarren kasuan, hamabosgarren egin du Ane Arriolak, hemeretzigarren Erin Goenagak eta 22. Alaitz Hidalgok.
Azkenik, 12 urtez azpikoetan, Mikhail Korotev, Lin Zhian eta Lander Dufor nagusitu dira, ordena horretan. Aldiz, Anaitasuna Kakuteko Mikel Arriolak hamabosgarren postua eskuratu du, eta Ixone Juradok 23.a.
Txapelketaren ostean, haren antolatzaileak eta Igor Isuskiza Azkoitiko Udaleko Kirol zinegotzia arduratu dira txapeldunei sariak banatzeaz.
Azkoitiko xake kluba "oso pozik" geratu da taldekideek egindako lanarekin eta, oro har, txapelketak izan duen arrakastarekin. Halaber, eskerrak eman dizkie erakunde laguntzaile guztiei eta txapelketa aurrera eramaten lagundu duten guztiei.
Anaitasuna-Kakuteren jaiak jarraipena izango du datorren hilaren 30ean, egun horretan jokatuko baitute Joxe Azkueren omenezko lehia. Uztailaren 20an, berriz, milioi bat partida baino gehiago jokatu dituzte egun bakarrean mundu osoan, FIDEren munduko errekor saiakeran.
(Argazkiak: Anaitasuna Kakute eta Iraia Oteiza)