Greba egunak astean hiru egunera zabalduko dituzte Merkal Oinetakoak saltokiko langileek

Iraia Oteiza

Merkal Oinetakoak saltokiko langileak, gaur, Azkoitiko elkarretaratzean. (Iraia Oteiza)

Ostiral eta larunbatetan ez ezik, astelehenetan ere lanuzteak egingo dituzte Azkoitiko Merkal Oinetakoak saltokian, "egoera konpondu bitartean".

Merkal Oinetakoak enpresako Gipuzkoako 50 langilek mobilizazioak hasi zituzten apirilean, enpresa hitzarmena lortzeko asmoz. Enpresa horrek zortzi saltoki ditu Gipuzkoan, eta horietatik seitan greba egunak deitu zituzten apirileko eta maiatzeko asteburuetarako; tartean, Azkoitikoan. "Lan baldintza eskasak duintzeko" abiatu zuten borroka, baina egoerak "bere horretan" jarraitzen duela eta, greba egunak zabaltzea erabaki dute: ostiraletan eta larunbatetan ez ezik, astelehenetan ere greba egingo dutela aurreratu dute langileek.

Hain zuzen, enpresak Azkoitiko Axiri merkatal gunean duen saltokiaren aurrean elkartu dira langileak gaur, lan baldintzak hobetzeko eskatuz eta greba egunak zabalduko dituztela adieraziz. Gainera, ekainean egoera "konpontzen" ez bada, mobilizazioak "gogortuko" dituztela azaldu dute langileek. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide