Anaitasuna mendi bazkunak eta Iraurgi saskibaloi klubak piztuko dute aurtengo San Joan sua

Intza Trula 2024ko eka. 12a, 13:00

Iazko San Joan sua Balda plazan. (Julene Frantzesena)

Mendizaleek 75 urteko ibilbidea osatu dute, eta saskibaloi kluba 50. urtemuga ospatzen ari da aurten. Urtero legez, San Joan bezperan, hilaren 23an, Balda plazan elkartuko dira herritarrak suaren bueltan. 

Uda garaiari ongietorria emateko elkartuko dira urtero legez San Joan bezperan, hilaren 23an, eta Azkoitiko Udalak jakinarazi du aurtengoan nork izango duen Balda plazan sua pizteko ardura: Anaitasuna mendi bazkunak eta Iraurgi saskibaloi klubak piztuko dute aurten, hain zuzen. 

Izan ere, mendizale klubak 75 urteko ibilbidea osatu du, eta saskibaloi kluba, berriz, 50. urtemugara iritsi da aurten. Ana Azkoitia alkatearen esanetan, urte hauetan lan "itzela" egin du bakoitzak bere kirol arloan. "Mendiz inguratuta gaude, baina mendiarekiko zaletasuna landu egin behar da mendira joateko ohitura barneratzeko, eta lan hori Azkoitian Anaitasunak egin du irteerak eta bestelako jarduerak antolatuz eta mendiaz gozatzeko aukerak eskainiz, mendiaren bueltan kirola eta aisia uztartuz”, gehitu du.

Halaber, Azkoitiak dio, harrobia eraikitzen "gogotik" saiatu dela Iraurgi saskibaloi kluba azken bost hamarkadetan: “Lehen mailako taldeekin egiten duen lana garrantzitsua da saskibaloiaren mapan kokatzen gaituelako, baina are eta garrantzitsuagoa da haurrekin eta gaztetxoekin egiten duen eguneroko jarduera etengabea”.

Bi klubek “mendia eta saskibaloia maitatzen irakatsi digute, maitatzen eta gozatzen”, gaineratu du alkateak.

Dantzak eta musikak girotuta

San Joan bezperan, suaz gain, dantza eta musika izango dira protagonistak Balda plazan. 19:30ean, Bizkargi musika eta dantza eskolakoek eta Txalkor txistulari taldeko kideek dantza eta musika ikuskizuna eskainiko dute.

Sua piztu ondoren, 22:00etatik aurrera, jarraituko du ikuskizunak Sahatsa dantza taldearekin, Iraurgi abesbatzarekin, Parrokiako Abesbatzarekin, Bizkargi eskolako musikariekin eta Azkoitiko Musika Bandarekin. Azkoitiaren 700. urteurrenaren harira emanaldi berezia prestatu du Sahatsa dantza taldeak. Dantzariak Baztartxo antzokitik abiatuko dira 21:15 inguruan, eta 22:00 alderako helduko dira plazara, Azkoitiko bandera hartu ostean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide