Gurea erabil dezakezu kanpaina martxan da. Eskuko telefono adimendunen erabilera goiztiarrak haurrengan eta nerabeengan izan ditzakeen eragin kaltegarrien kezkari aurre egiteko sortutako Jaso Burue guraso taldeak bultzatuta, Herrixen merkatarien elkarteak, Azkoitia Lagunkoiak eta udalak bat egin dute egitasmoarekin. Horrela, haurrei eta nerabeei, premia dutenean eta eskuko telefonoaren alternatiba gisara, saltokietako telefonoak erabiltzen uztea sustatzen duen kanpaina adineko pertsonen eremura zabaldu dute Azkoitian.
Maiatzean ireki zuten kanpainarekin bat egin nahi zuten dendariek eta tabernariek izena emateko epea: 27 establezimenduk jarriko dute beren ate zein erakusleihoetan Gurea erabil dezakezu leloa duen identifikatzailea, eta horietan telefonoa erabiltzea eskatu ahalko dute haurrek, nerabeek zein adinekoek, premia dutenean.
Ikasturte amaierarekin bat aurkeztu dute kanpainaren emaitza. "Haur eta gaztetxoek oporrak hartuko dituzte berehala, eta guraso askoren kezka da ordu libreak mugikorraren aurrean igaroko dituztela. Horren aurrean, neurri jakinak hartu nahi dituzte seme-alabek euren aisialdiaz mugikorretatik at goza dezaten", azaldu du udalak.