Oinarrizko produktuen bilketa egingo du Kontseilu Sozialistak ostegunetik larunbatera

Intza Trula 2024ko eka. 11a, 09:30

Produktuen bilketa Azkoitian. (Kontseilu Sozialista)

Eroski txikia eta BM saltokien atarian jarriko dituzte mahaiak. Ogi apurrik ez! lelo hartuta egingo dute bilketa.

Oinarrizko produktuen bilketa handia antolatu du Kontseilu Sozialistak ostegunetik larunbatera, Azkoitian. Ogi apurrik ez! lelopean egingo dute bilketa, Eroski txikia eta BM saltokien aurrean jarriko dituzten mahaietan.

Hori horrela, ostegunean 18:00etatik 20:00etara izango da bilketa, ostiralean 10:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara eta larunbatean 10:00etatik 13:00etara izango dute herritarrek produktuak uzteko aukera.

Kontseilu Sozialistak lau urte daramatza lehengaien bilketa eta banaketa egiten: "Lan militanteari eta norbanakoen ekarpen ekonomikoei esker eusten diogu hasierako asmoari", azaldu dute. "Azken urteotan oinarrizko produktuen beharra larriagotu baino ez da egin, langileriaren sektore xumeenentzat. Inflazioa eta zerbitzuen murrizketek gogor kolpatu dute jende askoren egunerokoa, eta beraz, inoiz baino beharrezkoagoa zaigu antolatu eta elkartasuna praktikara eramatea". Hala, Kontseilu Sozialistak dei egin die herritarrei oinarrizko produktuen bilketan parte hartzera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide