Europako Legebiltzarra osatzeko hauteskundeetan EH Bildu-Orain Errepublikak lortu ditu boto gehien Azkoitian; 2.054 boto eskuratu ditu hark ( botoen %39,65), eta bigarren indarra izan da EAJ, 1.344 botorekin ( botoen %32,8). Dena den, 2019ko hauteskundeen aldean, botoak galdu dituzte biek ala biek: EH Bildu bigarren indarra izan zen urte hartan, eta 429 boto gehiago eskuratu zituen; EAJk, berriz, 1.127 boto galdu ditu oraingoan. Dena den, azpimarratzekoa izan da parte hartzeak nabarmen egin duela behera aurtengo bozetan: izan ere, %48,13ko parte hartzea izan da, eta 21,36 puntu igo da abstentzioa. Guztira, 8.499 azkoitiar zeuden Europako Legebiltzarreko hauteskundeetarako botoa ematera deituta, eta horietatik 4.114 pertsonak eman zuten.
PSE-EEk eta PPk jarraitu diete EH Bilduri eta EAJri Azkoitian, eta horiek boto gehiago lortu dituzte aurten, emaitza antzekoak izan baditu ere: PSE-EEk 14 boto gehiago irabazi ditu eta PPk, 40 boto; 616 eta 96 boto jaso dituzte horiek guztira, hurrenez hurren. Podemosek, bestalde, %77ko beherakada jasan du 2019ko hauteskundeekiko, 304 boto galduta. VOX alderdia izan da hurrengo bozkatuena, 48 botorekin (2019an baino 7 boto gehiago).
Sumarrek 47 boto eskuratu ditu; Juntsek, bat gutxiago; Se acabo la fiestak, 36; Escaños en blanco taldeak, 17; Pacmak, 13; eta FOk, 11. Horrez gain, 16 boto baliogabe izan dira, eta 25 boto zuri.
Azkoitian bezala, EH Bildu-Orain Errepublikak eskualdeko herri guztietan irabazi ditu hauteskundeak oraingoan. Duela bost urteko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Azkoitian, Orion, Zarautzen eta Aian EAJ izan alderdi bozkatuena, baina oraingoan EH Bilduk jaso ditu boto gehien Urola Kostako 11 herrietan.
Dena dela, atzoko egunaz zerbait aipagarririk bada, parte hartzean izandako beherakada da hori. Hauteslekuak ixteko bi orduren faltan, erroldaren %38ak zuen botoa emanda Azkoitian. Duela bost urteko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak udal eta foru bozekin batera egin ziren, eta askoz parte hartze handiagoa izan zen.