Txulue elkartearen ekimenez, Pilotari Eguna ospatzen ari dira Azkoitian, eta ehunka herritarrek gorriz eta urdinez jantzi dituzte kaleak. Pilotak herrian izan duen tradizioa gogoratuz, Kontzejupea pilotaren erdigune bilakatu da beste urte batez, pilota partidak eta omenaldia protagonista izanda. Aurten, Beti Poz elkarteak jaso du aitortza, joan zen mendean pilota txapelketak eta kirol horri lotutako egitasmoak antolatzeagatik, eta hango kideek bota dute pilotakada. Hunkigarria izan da ekitaldia, eta Kontzejupean elkartutako ehunka herritarrek txaloz hartu dituzte frontoian izan diren elkarteko lehengo eta egungo kideak.
Pilotari Egunari hasiera emateko, binakako partida bana jokatuko dute Arrietak eta Olaiak Barrocal eta Orbegozoren aurka, eta Andreuk eta Goenagak Azketa eta Matxinandriarena bikotearen aurka. Emakumeen partidan, Barrocal eta Orbegozo izan dira nagusi, eta gizonetan, berriz, Andreu eta Goenaga azkoitiarrak. Estuaketa biziak izan dira bi norgehiagokak, eta herritarrek gogoz animatu dituzte pilotariak. Omenaldiaren ondoren eta goizeko ekintzak amaitzeko, berriz, txapelketa herrikoiaren gizonen banakako lehia izan da, eta Kortak 22-11 irabazi dio Landerri.
Bestalde, Iñigo Borda margolariak mural bat margotu du Goiko Losan, duela urte batzuk Atano III.aren irudia zegoen lekuan.
Goizeko ekintzak amaituta, iluntzera arte jarraituko du Pilotari Eguneko festak. Arratsaldean, esaterako, emakumeen binakako eta gizonen binakako finalak izango dira, 18:45ean eta 19:30ean, hurrenez hurren, eta norgehiagokak Azkoitia Gukaren webgunean ikusi ahal izango dira zuzenean.
Hemen egitaraua, osorik:
- 14:30. Bazkaria.
- 16:00-18:30. Skapaie elektrotxaranga.
- 18:45. Emakumeen binakako finala.
- 19:30. Gizonen binakako finala.
- Amaieran, sari banaketa.