Igandean egingo dute XXV. Zazpi Kurutze mendi martxa

Iraia Oteiza 2024ko eka. 7a, 12:14

Zazpi Kurutzeren aurreko edizio bateko irudia.

200 lagun baino gehiagok eman dute izena aurrez Zazpi Kurutze mendi martxa egiteko. Oraindik parte hartzeko plazak libre daudenez, igande goizaldean izena emateko aukera egongo da herriko plazan.

Igandean egingo dute XXV. Zazpi Kurutze mendi martxa, goizeko 04:00etan abiatuta. Antolatzaile berriek prestatu dute martxa oraingoan, baina ibilbidea beste urteetako bera izango da. Aurten ere Azkoitiko zein inguruko zazpi gurutze lotu beharko dituzte mendi martxan izena eman duten mendizaleek.

Gaur-gaurkoz, 200 lagun baino gehiagok eman dute izena iganderako. Gehienez 350 lagunek parte hartu ahal izango dute Zazpi Kurutzen, eta oraindik ibilaldian parte hartzeko plazak libre daudenez, igande goizaldean izena emateko mahaia jarriko dute antolatzaileek herriko plazan bertan. 25 euro ordaindu beharko da izen-ematea martxaren egunean.

Igandean, goizeko lauretan herriko plazatik abiatuko da 54 kilometro dituen martxa; handik, Erlora, Aittolara, Zargoatera, Hirukurutzetara, Irimora, Izazpira eta azkenik, Oletara joan beharko dute hurrenez hurren, eta herriko plazan amaituko da ibilbidea atzera. Antolatzaileek 03:15 alderako plazara gerturatzeko eskatu diete parte hartzaileei, irteera ordurako dena prest edukitzeko eta dena denboraz antolatzeko.

Janari postuei dagokienez, Aittolan, Hirukurutzetan, Gorlan, Santa Barbaran, Izazpin zein Oletan izango da zerbait jateko aukera. Martxa amaitutakoan, berriz, parte hartzaileek dutxak edukiko dituzte eskuragarri Xabier Munibe ikastolan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide