Iristear dago Zazpi Kurutze mendi martxa. Ekainaren 9an, igandez, egingo dute aurten Azkoitiko proba entzutetsua, 25. aldiz.
Ohi bezala, goizeko lauretan herriko plazatik abiatuko da 54 kilometro dituen martxa; handik, Erlora, Aittolara, Zargoatera, Hirukurutzetara, Irimora, Izazpira eta azkenik, Oletara joan beharko dute hurrenez hurren, eta herriko plazan amaituko da ibilbidea atzera. Antolatzaileek 03:15 alderako plazara gerturatzeko eskatu diete parte hartzaileei, irteera ordurako dena prest edukitzeko eta dena denboraz antolatzeko.
Janari postuei dagokienez, Aittolan, Hirukurtzetan, Gorlan, Santa Barbaran, Izazpin zein Oletan izango da zerbait jateko aukera. Martxa amaitutakoan, berriz, parte hartzaileek dutxak edukiko dituzte eskuragarri Xabier Munibe ikastolan.
Herritar talde batek antolatu du Zazpi Kurutze mendi martxa aurtengoan. Izan ere, 25. urteurrenaren atarian, orain arte antolakuntzaz arduratu den Anaitasuna mendi bazkunak mendi martxa ez antolatzea erabaki zuen joan den abenduan, mendietan zentral eolikoak jartzeko proiektuaren tramiteak aurrera zihoazelako. Kontua da, Trekutz eta Buruzai proiektu eolikoek hartzen dituzten eremuetatik igarotzen dela Zazpi Kurutze mendi martxa ere.
Ordea, mende laurdenez herrian hainbesteko indarra izan duen mendi martxa bertan behera geratuko zela ikusita, hainbat herritar prest agertu zen Zazpi Kurutze antolatzeko, eta azken hilabeteetan buru-belarri aritu dira horiek antolaketa lanetan. Anaitasuna mendi bazkunaren eta Azkoitiko Udalaren laguntzarekin ari da talde berria proba antolatzen, eta aurretik antolakuntza lanetan aritutakoek emaniko informazioa beharrezkoa izan dute zeregin horietarako. Izan ere, duela bi urteko mendi martxaren inguruko informazioa zein datuak izan dituzte abiapuntu nagusiak antolatzen hasteko garaian.
Izen ematea, zabalik
Antolatzaile berrien arabera, hainbat berrikuntza egin nahi zizkioten aurtengo mendi martxari, baina denbora kontuengatik, ezin izan dituzte gauzatu. Horren ordez, zerbitzuaren kalitateari eman nahi izan diote garrantzia. Hori hala, 22 eurora igo dute inskripzioaren prezioa, "zerbitzu hobea eman ahal izateko". Bestalde, 350 mendizalera mugatuko dute mendi martxa, bestela ezingo luketelako "zerbitzu bera" eman.
Dagoeneko eman daiteke martxarako izena Azkoitiko Presalde gozotegian, Lopetegi iturgintzan zein www.zirkuitua.com webgunean. Era berean, 350 parte hartzaileren kopurua aurretik gainditu ezean, martxaren egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera, 25 euroan.
Hemendik bi urterako edizioari begira, "agian aldaketaren bat egon daitekeela" aurreratu dute antolatzaileek, "egungo ibilbidearekin edonork parte hartu ezin duela ikusita, ongi legokeelako denentzat eskuragarria den mendi martxa bat antolatzea".
'Mendiak aske'
Zazpi Kurutzeren aurtengo edizioan proiektu eolikoen kontrako protestek ere izango dute beren lekua. Hori horrela, "aurtengoa, bereziki mendiei omenaldia egiteko mendi martxa" izango dela adierazi dute antolatzaileek: "Mendiez gozatu nahi dugula eta zentral eolikoek mendietan espaziorik ez dutela azpimarratu nahi dugu". Hain zuzen, kamisetekin batera, Mendiak aske leloa duten biserak emango dizkiete partaideei.