'Errautsak hauspotzen' proiektuaren bideografiak eta liburuxka aurkeztu ditu Trikigirok Azpeitian

Mailo Oiarzabal - Ane Olaizola 2024ko eka. 7a, 11:03

Azkoitian egin zuten moduan, atzo Azpeitian aurkeztu zuen Trikigirok Urola Erdiko trikitiaren historia jasotzen duten bideografien laburpen ikus-entzunezkoa, proiektuaren azalpena jasotzen duen liburuxkarekin batera.

Joan zen hilean Azkoitian bideografien laburpen ikus-entzunezkoa aurkeztu ondoren, Trikigiro elkarteak atzo Azpeitian zuen hitzordua, eta Urola Erdiko trikitiaren historia jasotzen duten bideografien laburpen ikus-entzunezkoa eta Errautsak hauspotzen proiektuaren azalpena jasotzen dituen liburuxka aurkeztu zituen Trikigiro elkarteak Soreasu antzokian, han elkartutako dozenaka lagunen aurrean. 58 bideografia eta 77 elkarrizketatu bildu ditu elkarteak Errautsak hauspotzen proiektuaren barruan, eta horren lagintzat har daitekeena plazaratu zuten sustatzaileek oholtza gainean eta han bildutakoen aurrean. Trikigiro elkarteko Ibon Errazuk esker hitzak izan zituen proiektuan parte hartu dutenentzat, eta barkamena ere eskatu zien haiei, proiektua "nahi baino gehiago" luzatu zaielako.

Trikigirok jai giroz aurkeztu zituen ikus-entzunezkoa zein liburuxka Azpeitian, emanaldiaren aurretik trikiti doinuak izan baitziren nagusi herriko kaleetan egin zuten trikipoteoan zein Soreasuko ekitaldiaren hasieran.

Orain arteko bideografietan oinarrituta, baina grabazio eta bilketa lan gehiago egitea baztertu gabe, aurrera begira dokumental bat eta liburu bat argitara eman nahi dituzte, XX. mendearen lehen hiru laurdenetan Urola Erdia trikitiaren epizentro bilakatu zutenen memoria ez galtzeko ahalegina borobiltzeko. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide