Trikiti eta pandero doinuek hartu dituzte Azkoitiko kaleak gaur arratsaldean, eta bihar segida izango dute Trikigiro elkarteak antolatutako III. Trikiti Eguneko ekitaldiek. Astebururako trikitiari eta haren historiari lotutako askotariko ekintzak prestatu dituzte.
Gaur arratsaldean trikitiari lotutako erakusketa zabaldu dute Portaleburu erakusketa aretoan, eta segidan, trikitilariak plazan elkartu eta trikipoteoa egin dute Azkoitiko kaleetan. 22:30ean, berriz, Errautsak hauspotzen bideografia aurkeztu dute Baztartxo aretoan.
Bihar ospatuko dute III. Trikiti Eguna, Trikigiro elkarteak eta Azkoitiko Udalak antolatuta eta Um Blem Ble tabernarien elkarteak lagunduta. Goizetik gauera arteko egitaraua prestatu dute antolatzaileek, eta hainbat kalejira, bazkari herrikoia zein trikitilariekin erromeria egingo dituzte.
Egitaraua:
- Bihar, larunbata.
- 11:30. Hainbat kalejira, San Martin auzotik herriko kaleetara.
- 12:00-14:00 eta 18:00-20:00. Trikitiari buruzko erakusketa, Portaleburun.
- 13:30. Kalejira handia, Julio Urkixo etorbidetik plazara.
- Ondoren, argazki erraldoia.
- 15:00. Bazkaria, herriko plazan.
- 18:00-22:00. Trikitilariekin erromeria, plazako oholtzan.
- Etzi, igandea.
- 12:00-14:00. Trikitiari buruzko erakusketa, Portaleburun.