Trikitia izango da protagonista datorren asteburuan Azkoitian

Ane Olaizola 2024ko mai. 23a, 09:29

iazko Trikiti Eguneko parte hartzaileak, San Martin auzoan. (Maialen Etxaniz)

Trikigiro elkarteak Urola Erdiko trikitiaren garapenaren inguruko bideografiak aurkeztuko ditu bihar Baztartxon. Larunbatean, III. Trikiti Eguna ospatuko dute.

Trikiti eta pandero doinuek hartuko dute datozen egunetan Azkoitia, trikitiari eta haren historiari lotutako askotariko ekintzak prestatu baitituzte biharko eta larunbaterako, hirugarrenez ospatuko duten Trikiti Eguna aitzakiatzat hartuta. Ohi bezala, dozenaka trikitilari eta trikitizale bilduko ditu egitasmoak herrian. 

Batetik, Trikigiro elkarteak Urola Erdiko trikitiaren hastapenak gogora ekarri nahi izan ditu. Hori hala, 1960-1970 hamarkadetan eskualdean trikitiaren panorama nola garatu zen jasotzen duten bideografiak eta liburua osatu ditu, Errautsak hauspotzen izenburupean. Bideografiak bihar aurkeztuko ditu Azkoitiko Baztartxo antzokian, 22:30ean hasita. Bertaratzen direnek trikitiaren munduko 77 elkarrizketaturekin osatutako 58 bideografia ikusteko aukera izango dute. "Mimo handiz prestatu eta landu ditugun 58 bideografien laburpena eskainiko dugu. Elkarrizketak, pasadizoak... grabaketa bakoitzaren zatitxo bat botako dugu", azaldu du Ibon Errazu antolatzaileak. 

Errautsak hauspotzen liburuaren aurkezpena, berriz, ekainaren 6an, ostegunez, egingo dute Azpeitiko Soreasu antzokian, eta han ere bideografiak proiektatuko dituzte. 

2010ean kokatzen da proiektuaren abiapuntua. Hain zuzen, San Jose jaialdia antolatzen duen lantaldeak jarri zuen lehen hazia. Hasiera batean trikitiari lotutako dokumentala egiteko asmoa zuten, bide batez elkarterako artxibo bat osatuz, eta ideia horrekin aurkeztu zuten Trikigiro elkarteak eta Kulturaz Azpeitiko kultur kooperatibak proiektua Azkoitiko Udalean, 2018ko urrian. Denborarekin, baina, dokumentala baino, elkarrizketatu bakoitzaren bideografia egitea egokiagoa zela iritzi zioten, eta panoramaren inguruko liburua ere argitaratuz, halaxe osatu dute Errautsak hauspotzen proiektuaren lehen zatia.

Trikitiaren bilgune

Bideografia emanaldiaz gain, beste hainbat ekintza ere izango dira bihar, eta horietako bat trikitiaren inguruko erakusketaren inaugurazioa izango da. Errazuren hitzetan, «argazkiak, liburuak, txapelak edota diskoak» ikusi ahal izango dira hiru egunez Portaleburu aretoan zabalduko duten erakusketan. Bihar, 19:00etatik 20:00etara artean zabalduko dute; larunbatean, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta igandean, 12:00etatik 14:00etara. 

Biharko ekintzek jarraipena izango dute Azkoitian, III. Trikiti Eguna ospatuko baitute larunbatean herrian. Trikigiro elkarteak eta Azkoitiko Udalak antolatu dute eguna, Um Blem Ble tabernarien elkarteak lagunduta. Goizetik gauera arteko egitaraua prestatu dute antolatzaileek, eta hainbat kalejira, bazkari herrikoia zein trikitilariekin erromeria egingo dituzte.

San Martin auzoko parkearen ondoan elkartuko dira beste urte batez hango eta hemengo trikitilariak, eta kalejiran jaitsiko dira herrigunera, taldeka banatuta. 13:30ean, Julio Urkixo kalean elkartuko dira guztiak, eta handik herriko plazara kalejira nagusia egingo dute. Eguerdian, bazkaria egingo dute han, eta antolatzaileen hitzetan, dagoeneko 140 lagun inguruk eman dute izena. Bazkalostean, jarraituko du festak.

Egitaraua

Bihar, ostirala

18:00-19:00. Trikitiari buruzko erakusketaren irekiera, Portaleburun. 

19:30. Trikipoteoa, plazan elkartuta. 

22:30. Errautsak hauspotzen bideografiaren emanaldia, Baztartxo antzokian. 

Etzi, larunbata

11:30. Hainbat kalejira, San Martin auzotik herriko kaleetara.

12:00-14:00 eta 18:00-20:00. Trikitiari buruzko erakusketa, Portaleburun. 

13:30. Kalejira handia, Julio Urkixo etorbidetik plazara.

Ondoren, argazki erraldoia.

15:00. Bazkaria, herriko plazan. 

18:00etatik 22:00etara. Trikitilariekin erromeria, plazako oholtzan. 

Maiatzak 26, igandea

12:00-14:00. Trikitiari buruzko erakusketa, Portaleburun.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide